"Krisiaren iruzur politiko ikaragarria" salatuko du LABek Maiatzaren Lehenean
Krisialdiraren erantzule langileak egin dituztelakoan, Oarso Bidasoko LAB sindikatuak “krisiaren iruzur politiko ikaragarria” salatzeko baliatuko du Maiatzaren Lehena. Eskualdeka antolatu dituzte mobilizazioak egun horretarako sindikatuko kideek, eta Oarso Bidasokoa Irunen egingo dute, 12:00etan hasita San Juan plazatik, Langileok erabaki Euskal Herriak erabaki dezan leloarekin.
Krisiaren eraginez aberatsak gero eta aberatsago direla ziur da LAB, “pobreak gero eta pobreago bilakatuz”, eta krisiak sortutako egoerak gainditzeko neurriek “eredu soziala goitik behera” aldatu dutela esan du sindikatuak, “erreforma estrukturala inposatu digute”. Gezurrak ere salatu ditu sindikatuak.
Batetik, esan du ez dela egia krisiaren amaieraren atarian dagoenik Euskal Herria, “enplegua suntsitzen, soldatak erasotzen, gizarte babesa murrizten, produkzio ehuna eta ekonomia erreala suntsitzen, zerbitzu publikoak pribatizatzen ari dira. Bide honetan, hazkundea gutxi batzuren poltsikoetara doa”.
Bestetik, erabakitzeko eskubideari buruzko gogoeta ere egin du LABek, esanaz, ezin dela planteatu “lehenengo krisia eta gero erabakitzeko eskubidea” esaldia, “are gutxiago krisia sortu duten horiei erabakitzen uzten bazaie”. Hortaz, langileen erabakitzeko eskubidea funtsezkotzat eman du LABek, “burujabetza behar soziala baita langileontzat egungo egoera larriari buelta emateko”.