Udalak zabaldutako datuen arabera, hilabete bakarrean Pasai Antxok, bataz beste, %84ko birziklapen tasa gainditu du, betiere, sistema berriarekin biltzen dituzten lau frakzioak kontuan hartuta. Birziklapen tasa %30 ingurutik %86,54ra igaro da Donibanen eta Antxon. Antxoko bilketaren jarraipena egiteko sortu duten mahai teknikoak datuen irakurketa iraunkorra egin du azken hilabetean, eta Izaskun Biurrun Antxoko alkateordea “harro” haren izenean: “Datu hauek arrazoia ematen digute, bilketa sistema berezia eta propioa sortu dugu Antxorako, eta emaitzak izugarri onak dira. Urte luzeetan kontzientziazio kanpainen bidez lortu ez duguna lortu dugu antxotarrok hilabete bakar batean”. Zabortegira bideratu beharreko errefusa tona kopurua “nabarmen” jaitsi dela jakinarazi dute, eta jaitsiera horri esker udalak aurreztuko duen dirua beste behar batzuetan gastatuko dutela agindu dute.
Datuak eskuan, hurrengo urratsa, San Pedron eta Trintxerpen eman behar dela iritzi dio Udalak. “Horrela bakarrik lortuko dugu Udalbatzak gehiengo osoz onartu zuena, hau da, %70eko birziklapen tasa gainditzea”, esan dute.
Normaltasuna eta lasaitasuna
Udalaren arabera, “normaltasuna eta lasaitasuna izan da azken hilabeteko jarraibidea”, eta oro har, herritarrek aldaketa lasaitasunez hartu dutela esan dute.
Horrez gain, jarraipen batzordeak Donostiako Udalarekin harremana izan duela jakinarazi du udalak, eta esan dutenez, “Donostiako Udalak ez omen du sumatu Eskalantegi kalean egiten den hondakin bilketaren kopuruan aldaketa nabarmenik”.
Dena den, “normaltasun giroa hautsi nahi izan duenik” izan denik gogoratu dute, eta horregatik, “Amaia Agirregabiria herriko alkatearen etxe atarian gorotza utzi duen edo duten pertsonen jarrera eta udaleko gainerako zinegotzien aurka egin diren adierazpenak arbuiatu” dituzte.
Datuak
Antxo (otsailaren 27tik martxoaren 27ra)
Organikoa: 28.990 kilo %53,31
Ontzi arinak; 6.600 kilo %12,14
Papera eta kartoia 10.333 kilo %19,00
Birziklagarria 45.923 kilo %84,45
Errefusa 8.460 kilo %15,55
Antxo+Donibane (otsailaren 27tik martxoaren 27ra)
Organikoa: 50.360 kilo %54,68
Ontzi arinak: 12.620 kilo %13,70
Papera eta kartoia 16.733 kilo %18,16
Birziklagarria 79.713 kilo %86,54
Errefusa 12.380 kilo %13,44
Datu hauetan ateratzen diren portzentajeak udalak biltzen dituen lau frakzioen araberakoak dira. Beira San Markoko Mankomunitateak jasotzen du, baina udalak ez ditu bildutako kiloen datu guztiak. Beraz, jasotako beira kiloak gehituz gero, birziklapen tasaren ehunekoak gora egingo luke.