Hondakinen Talde eta auzo elkarteetako ordezkariak.
PSE-EEk Hondakinen Taldearen inpartzialtasuna zalantzan jarri ondoren, orain talde horren erantzuna jaso du, eta zabaldutako susmo horiekin jendea nahastea nahi duela salatu du “hurrengo hauteskundeetan botoak irabazteko”. Hori “joko zikina” dela esan du, eta ez duela horretan sartu nahi. Haatik, talde heterogeneoa dela defendatu du, eta herritarren ekarpenak jasotzeko irekia egon dela momentu oro.
Sistema egokiena, “herritarren adostasun handienarekin”, egungo edukiontzi berdeak kendu, eta horren ordez, beste bi jartzea dela berretsi du, marroia organikoarentzat eta grisa errefusarentzat. “Edukiontzi horien erabilera nahitaezkoa izango litzateke, egun gaika biltzen diren hondakinak bezalaxe”.
Hondakinen Taldeak gaineratu du bere asmo bakarra “benetako adostasuna” lortzea izan dela, herrian hondakinak biltzeko sistema berri bat ezartzeko ahalik eta lasterren, horrela hondakinak murriztu eta gehiago birziklatzeko.
Lan horretan jarraituko dutela esan du, eta bien bitartean, herritarrei animatu die bi horretan jarraitzeko. Horrez gain, taldean parte hartu edo berarekin harremanetan jartzeko helbide bat eman du:
errenteriahondakinak[abildua]googlegroups.com.