Amaia Agirregabira eta Maite Olaziregi plaka jartzen
Udaletxeko pleno aretoan jarri dute 36ko gerrako errepresaliatuak eta udal langileak omentzeko plaka. Atzo arratsaldean 36ko gerran eta gerra ondoren hil eta jazarriak izan ziren horiek gogoan izan zituzten. Amaia Agirregabiria alkateak eta Maite Olaziregik Joakin Olaziregi 1936an Pasaiako alkate izan zenaren senideak jarri zuten plaka ekitaldi horretan bertan. Bereizgarriak Koldo Izagirre idazlearen hitzak ditu, eta Juanba Berasategi marrazkilariaren diseinua.
Agirregabiriaren arabera, orduko gertaerak “isilduak eta ahaztuak” egon ez daitezen jarri dute, eta era berean, orduko herritar, udalbatza eta udal langileak ere omenduko dituzte horren bidez.
Plaka gertutik
Alkateak gogorarazi zuenez, 1936ko otsailaren 23an elkartu zen berriro Pasaiako Udalbatza. Herriak bi urte lehenago aukeratutako alkatearen eta zinegotzien jarduna bertan behera zegoen. Udalbatzak egoerari “tinko” eutsi ziola gaineratu zuen Agirregabiriak, Mola eta Francoren tropak irailaren 13an Pasaian sartu ziren arte: “Handik aurrera, areagotu egin ziren indarkeria eta bortxa. Fusilamenduak bata bestearen atzetik etorri ziren. Lantokietan garbiketak eta errepresaliak ugaritu ziren, eta kontrol zorrotza ezarri zen herritarren gain”. Hala, pasaitar asko fusilatu eta beste askok alde egin zutela esan zuen, eta udalbatza frankista ezarri zela: “42 udal langile kargugabetu zituen, eta aurrerago beste hiru zigortu”.
“Ikurrak behartuta jarrarazten dizkigute”
Espainiako bandera jartzeko aginduak, “36ko gerraren historia latza” gogora ekarri dio alkateari, “orduko ikurrak gaur ere behartuta jarrarazten baitizkigute”. Alkateak gaineratu zuenez, ikurrek sortzen dituzten sentimenduak ezin dira “ez mehatxu ez inposizioaren bidez sortu”.