Xinboren Alkain: "Historia zati bat berreskuratzen ari zirela iruditu zitzaidan inaugurazioan"
Garai bateko olinpiadetako kide batek eta egungo gazte asanbladako beste batek piztu zuten 2014ko Hondarribiko Herri Olinpiadei hasiera eman zien sua. Emakume baserritarrez jantzita sartu ziren Santiago kalean Xinboren Alkain (Hondarribia, 1963) eta Ibinka Lete, lehengo jokoak eta egungoak ordezkatuz. Duela 25 urte egin ziren azkenengoz herri olinpiadak herrian eta haiek aztertu eta berreskuratu dituzte. Alkainentzat, “erabateko arrakasta” lortu dute.
Zer sentitu zenuen zuzi olinpikoa eramaterakoan? Politena jai hori berreskuratzea izan zen, batez ere hori direlako olinpiadak, jai bat. Historia zati bat berreskuratzen ari zela iruditu zitzaidan inaugurazioan eta, zuziarekin Santiago kaletik sartu ginenean hunkitu zidana jende tropela izan zen. Eta antolatzaileen urduritasuna, hasi aurretik. Han zeuden denak nire ondoan, nerbioak jota, honi deitu, beste hau egin, egon zaitez… Gu ibili ginen bezala zeuden, baina hogeita hamar urte geroago. Iguala iguala izan zen. Garai batekoei aitortza egin nahi izan diete olinpiada berriek. Polita, ez? Bai, hala esan zidaten, nahi zituztela lehengo olinpiadak omendu eta horregatik nahi zuten nik eramatea zuzia. Horregatik joan ginen biak batera, ni olinpiada zaharren ordezkari bezala eta Ibinka [Lete], berriak ordezkatuz. Zaharra kendu eta berria jarri [barre egin du]. Zuen filosofia aintzat hartu dute, zuen antolakuntza aztertu dute eta hori hartu dute abiapuntu bezala. Zer iruditzen zaizu hori? Antolatu duten forman gustatu zait eurek barrutik antolatu dutela, beste inork kudeatu gabe antolatu dutela. Gazteak beraiek ibili dira antolatzen eta gauza guzti guztiak beraiek ari dira egiten. Hori da olinpiadarako eta olinpiadak ez den beste edozer gauza antolatzeko garrantzitsuena. Zure lan bakarra baldin bada izena ematea, beste norbaitek antolatzen badu, hori ez da autogestioa, hori beste zerbait da; ondo badatorkizu apuntatuko zara, baina inoiz ez da hori herrikoia izango. Aldiz, zuk antolatzen baduzu edo ondokoarekin egiten baduzu, hori aurrera aterako da, ziur, eta gainera, kalitatearekin, ez diruak ematen duen kalitatearekin, baizik eta giza kalitatearekin. Eta lehen egunetik hori ikusi da olinpiadetan, giza kalitate izugarria. Badira hilabete batzuk zuengana jo zutela, olinpiada zaharrei buruzko dokumentala grabatu nahi zutela eta berriak antolatzeko asmoa agertu zizuetela. Kontuan izanik gizartea, gazteria nola aldatu den, lortuko zutela uste zenuen? Gu baino fundamentu gehiago ikusi diet, bueno, ez zen zaila. Ondo ikasi dute gaztetxe zaharraren historia, informatu direlako, eta ez dute kontu zahar bezala aztertu, baizik eta balio dezakeen zerbait bezala. Gure belaunaldiak nondik kaka egin genuen ikusi dute eta nondik ez. Hasieran ez nekien ondo aterako ote zen, baina ikusi dudanean zenbat bilera egin dituzten, zenbat lan egin duten hau aurrera ateratzeko, hasierako zalantzak segituan galdu nituen, dudarik ere ez. Eta hasi aurretik hemeretzi edo hogei talde apuntatu zirela esan zidatenean, eta inaugurazio eguneko giroa ikusita, esango nuke arrakasta erabatekoa izan dela. Ba al da zerbait gaizki egin dena? Ez dakit zer esan. Pena hartu nuen garai batean ibili ginenetako talde bat edo bi gehiago ez ikustea parte hartzen; lehenengo errua nirea. Pena handiena hori, antolakuntzan ez diet ezer txarrik ikusi, baina gure buruari bai, talde gehiago edo eurekin nahastuta. Gaztea izatea bihotzean eramaten da, ez karnetean. Eta zer izan zen gehien gustatu zitzaizuna? Dudarik gabe, giroa, eta jendearen aurpegietan ikusten zena. Eta beste gauza bat oso-oso ondo ikusi dudana, antolakuntza. Oso ondo antolatuta, oraingoz nahiko oztopo jasotzen ari dira udaletik eta hori kontuan izanda oso-ondo egin dute. Guk [garai bateko olinpiadetakoak] ez genuen hain ondo egingo, seguru. Oraindik ikustera joan ez denari zer esango zenioke? Guri gertatu zitzaiguna gertatzen hasi dela berriro. Gurasoak harro azaltzen dira seme alabak ikustera, eta gazteak euren zokoetatik ateratzen hasiak dira. Gazteei esango nieke joateko ikus dezaten zer den koadrilako lana eta jarrera, hor ez baitago trofeorik, hoberen pasatzen duena da txapelduna. Eta helduei, ba horixe, duela mila urte gertatu zena gogoratzeko eta animatzeko, aurten ezingo da, baina heldu den urtean apuntatzeko. Hondarribia neguan hilda dago eta olinpiadek bizitasuna ematen dio.