San Juango nesken batela, Euskadiko onena
Gipuzkoako Txapelketako emaitza berretsi egin zuten atzo San Juango neskek: Euskadiko txapeldun gelditu ziren Legution (Araba). Hibaikari ia sei segundoko aldea ateraz iritsi ziren lehenak helmugara, eta hirugarren izan zen Getxo, eta laugarren Zierbena. Sasoi biribila egiten ari dira sanjuandarrak, baita Errenteriakoak ere. Traineruetaz hitz egiteko azkarregi bada ere, prestaketa behintzat ona izango dutela nabaria da.
Horiek ez ziren domina bakarrak izan. Hibaikak, esaterako, emakumeen kadete-haur mailetan brontzezkoa lortu zuen, eta San Juanek mutilen Gazte Mailan ere hirugarren postua eskuratu zuen, Trintxerpe-Illunberen aurretik.
Hurrengo asteburuan Espainiako Txapelketa izango dute jokoan onenek, Camargon (Kantabria, Espainia).