Lehen Erregionaleko taldeak Pasaian irabazitakoa galdu du
Bigarren posturako aurkari zuzena den Pasaiaren etxean irabazi ondoren, ezer jokoan ez duen Mariño B-rekin galdu du Lehen Erregionaleko Hondarribia taldeak, etxean (2-3). Nonbait, Preferentera igoko diren taldeak zehazteko geroz eta gutxiago geratzen denean hasten da hanketan dardarizoa.
Pasaiak ez du aukera galdu eta hondarribiarrekin berdindu du sailkapenean berriro. Oraindik berdeak dira aurretik, averagea alde dutelako, baina huts egiteko aukerak bukatu zaizkio herriko bigarren taldeari.
Hiru partida geratzen dira liga bukatzeko eta horietan Hondarribiak gutxienez pasaitarren puntu berberak lortu behar ditu. Antzerako egutegia dute bi taldeek. Hondarribiak, Beti Onaren etxera joan behar du aurrena, ondoren Beasain liderra jaso etxean eta liga Armagiñaken kontra bukatuko du, Eibarren.