Euskaldarrak elkarteak irabazi du gastronomia erakusketa
Etxean geratu da Mikelazulo saria, oraingoan: Euskaldarrak elkarteak irabazi du berak antolatutako gastronomia erakusketa. Saria Berdela zitriko eskabetxean, laranja purea eta itsasoko aparrarekinplaterarengatik irabazi du.
Larunbatean egin zuten sari banaketa, elkartean bertan. Mikelazulo saria Alfonso Mindegia Euskaldarrak presidenteak eman zien platera prestatu zuten Ibai Carrera eta Jose Luis Carrerari. Plater hori apirilaren 1eko lehian aurkeztu zuen Euskaldarrak elkarteak.
Bigarren saria, Errenteriako Udalarena, Yola elkarteak irabazi zuen Bakailaoa piper kremarekin, patata eta urdaiazpiko oinarriaren gainean platerarekin. Saria Julen Mendoza alkatearen eskutik jaso zuten Carlos Hernandez eta Javier Salaberria sukaldariek.
Frutas Rosarito saria, hirugarrena, Aldeguna elkarteak irabazi zuen Bakailao konfitatua baratxuri zoparen gainean platerarekin.
Maria Antonia Zapirain Zeramikak saria, berriz, Lore-Txorta elkartearentzat izan zen Masail iberikoa Idiazabal saltsarekin platerarekin.
Kalitate-prezioa harreman onenaren saria, berriz, Fricando platerak lortu zuen, Hermanos Camino elkarteak prestatutakoa.
Azkenik, Elkartearen Plater Berezia, San Huberto elkarteak jaso zuen: Osso-Bucoa ardo beltzean, patata torta eta perretxiko saltsan platerari esker.
Lehiaketak iraun duen bi astetan hainbat sukaldari ezagun pasatu dira epaimahaitik; hala nola, Luis Irizar edo Elena Arzak. Era berean, hainbat produktu eta edari probatzeko aukera izan da zenbait etxeren eskutik.