
1975etik gaur egun arte Oiartzungo Udalean egon diren hautetsiak
Egun historikotzat hartu dute atzoko eguna Oiartzungo Gure Esku Dago ekimeneko kideek; izan ere, 1975etik egun arte udalean egon diren 50 hautetsik erabakitze eskubideari zein Gure Esku Dago ekimenari euren sostengua adierazi diote. Ezker Abertzalea, EAJ, Hamaikabat, EA, Aralar, Ezker Anitza, PSOE eta EH Bildu alderdi eta koalizioetako ordezkariak egon dira.
“Balio handiko argazki baten aurrean gaude, ez soilik ekainak 8ko ekimena indartzeko balio duelako, baizik gizartea horrelako argazkiak eta pausuak eskatzen ari delako. Nahiz eta ideologi eta pentsamendu ezberdinak eduki, oinarrizko eskubide batek batzen gaitu, erabakitze eskubideak. Hori da gure esku dagok bilatzen duena, ezberdinen artean adostasunak lortu eta elkarlana bultzatzea”, adierazi dute Gure Esku Dago dinamikatik.
Argazki hori bezalako ekintzak helburu horiek eskuratzeko “ezinbestekoak” diren konfiantza sortzeko baliagarria izatea eta aurrerantzean ere horrelako gehiago ikustea espero dute: “Gaurko argazkia ez dadila ekintza isolatu gisa geratu, mugarri bat izan dadila guretzat zein etorkizuneko belaunaldientzat”.