Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute Oiartzunen
Udalak eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin diete oiartzuarrei, besteak beste, “errenta aitorpena euskaraz eginez, administrazioaren euskalduntzean eragiten dugulako”. Euskara eremu guztietara zabaldu behar dela iritzi diote bi erakundeek, eta horretan herritarrek izan behar dutela eredu, “administrazioarekin euskaraz aritzeko beharra eta eskubidea dugu euskaldunok”.
Herriko aholkularitzek aitorpena euskaraz egiteko aukera ematen dute, baina banketxeek ez, eta horretan indarra jarri nahi dute deitzaileek, herritarrek banketxeetan euskaraz egin dezaten aitorpena. Zentzu horretan, iaz, oiartzuarren %32k egin zuen aitorpena euskaraz, eta Bakartxo Arabolaza Ttur-tturreko suspertzaileak esan duenez, poztekoa da herriko erakunde gehienek bat egitea kanpainarekin, “herritarrek hori ikustea aldekoa da, pausoa ematea laguntzen du”. Aldundiak erabat prest dago aitorpenak euskaraz egiteko.
Iaz oiartzuarren %32k aitorpena euskaraz egin bazuen, datuak daudenetik, ez da beti horrela izan. Izan ere, 2004ko aitorpena %6,2k egin zuen euskaraz, eta hori “ohiturak aldatu eta beldurrak gainditzeko” beharrarekin lotu dute deitzaileek, “aitorpena euskaraz eginda badirudi ez dela ulertuko edo ziria sartuko digutela. Hori ez da hala”.
Itxaro Gartzia herritarra azken urteetan errenta euskaraz egiteko hautua egin duenetakoa da. Aitorpena egitera joan zen urte batean, aldundiko langileak berak esan zion euskaraz jakinda ea zergatik ez zen animatuko aitorpena ere euskaraz egitera, “baietz esan genion, eta hurrengo urtean euskaraz egin genuen. Horrek ez digu zailtasunik sortu. Leku guztietan ikusi behar da gure hizkuntza, eta besteak ere gauza berbera egin dezaten animatzen ditut”.