Denis Itxaso, aurrekontuen alde auzitara jotzeko prest
Hondakinak atez ateko biltzen duten herriei ere edukiontzi marroiagatik pagatzea dagokiela uste du San Markoko presidenteak.
Denis Itxaso San Marko mankomunitateko presidentea prest agertu da auzitara jotzeko mankomunitateko aurrekontuen defentsan. Hernani, Usurbil, Lezo, Astigarraga, Oiartzun eta Pasaiako udalek helegitea aurkeztu zuten joan den hilabetean, zerbitzu bera bitan ordaintzen ari direla iritzita, eta EAJk, PSE-EEk eta PPk mankomunitatean onartutako aurrekontuak salatu zituzten. Itxasoren hitzetan, baina, «gehiengo absolutuan» onartu zituzten diru kontu horiek eta helegitea jarri duten udaletako alkateen kontra egin du San Marko mankomunitateko presidenteak. Zehazki, atez ateko sistema erabiltzeagatik, zaborren bilketa kostuak «handitzea» leporatu die. Atez atekoa duten herriek bosgarren edukiontziaren gastuak ordaindu behar dituztela defendatu du Denis Itxasok, baina, hain justu, horregatik daude kexu atez ateko sistema darabilten udalak.