Emakumeen parte hartzea sustatu nahi dute aurten Pasaiako mendiko herri lasterketan

Opari sorta berezia agindu dute Trintxerpeko Klub Atletikoko kideek aurten Pasaiako mendi herri lasterketan izena ematen duten emakumeentzat. Korrikalari guztiek jasoko duten poltsaz gain, elastiko bana eta galtzerdi parea emango diete opari emakumeei. Sari hauek emakumeen parte hartzea sustatu nahi dute. Horrez gain, Urtezaharreko sutean kaltetutako familien alde parte-hartzaile bakoitzeko euro bana gordeko dutela gogorarazi dute, eta 100dik gora parte-hartzaile lortuz gero, aldiz, bina euro. Helburu berberarekin, helmugan sei ardo botilako loteak salduko dituzte, 6 euroan. 17:00etan abiatuko da Pasaiako mendiko herri lasterketa larunbatean San Pedroko pilotalekutik. Farolara igo eta Ulia eta Mendiolatik barrena korri eginez 13 kilometro osatuko dituzte korrikalariek San Pedroko pilotalekuraino iristeko. Interesdunek www.herrikrossa.com helbidean eman dezakete izena. Izen-emateak 10 euro balio du aurrez eginez gero. Egunean bertan ere izango da egiterik, lasterketa hasi baino ordubete lehenagotik.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.