Jaion 2014, hilaren 26an Irunen
Lakaxita gaztetxearen 2014ko Jaion hilaren 26an egingo dute, arratsaldez. 17:00etan abiatuko da Moskutik Lakaxitara kontzertu-kalejira ibiltaria, Tripimonsters taldearekin. Behin Lakaxitan, kanpoaldean The Lookers, Apurtu eta Luz de Putas taldeek kontzertua emango dute, eta barrualdean DJ Göo eta DJ Leku ariko dira musika jartzen. Pirataz mozorrotzeko dei egin diete parte hartu nahi dutenei.
Zergatik pirataz? Horren azalpena eman dute Lakaxitako kideek. Euskal piraten urrezko aroa XVI. eta XVII. mendeetan izan ere, egun asfaltoko piratak direla ziurtatu dute gaztetxekoek. Baina esan dutenez, gero eta zailagoa da borroka egitea, “dela banketxeen zitalkeriagatik, Elizaren atzerakoikeriagatik, indar polizialen zapalkuntzagatik, espekulatzaileen doilorkeriagatik edo udalaren aldetik guk denak kontrolatzeko duen nahiagatik”. Eta horri erantzuna emateko moduetako bat Jaionen parte hartzea dela esan dute, pirataz jantzita, “egin diezaiegun aurre zapi, partxe eta patapaloekin”.
Jaia bitartean ingurunea errespetatzeko eskatu dute antolatzaileek, “uste dute gaiztoak, zikinak eta begirunerik gabeak garela”. Eta Lakaxitaren ontzia “ilusioz eta kolorez” betetzeko dei egin dute, “autogestioa banderatzat harturik, denon artean arraun eginez aurrea hobe egingo dugula uste baitugu”.