Donostiako hiru damatxo Errenterian dendari
Nolakoa litzateke zure herria komertziorik ez balu? Txartel zuria erakusleiho beltzaren gainean. Letrak ere beltzak, esan nahi dutenaren iluntasuna adierazteko.
Pentsatu nuen etxepeko denda ireki berria itxi egin zutela berriro. Kalean aurrera egin ahala, ordea, erakusleihoak beltzak ikusi nituen. Ozta-ozta ohartu nintzen letra beltzez egoera salatu nahi zuen txartel zuriaz. Azpian eskaria letra txikiagoz, denda txikietan eros dezagun, denok irabazle aterako bagara. Aitortuko dut belztasun hark erosketa ohiturez eta denda txikien egoeraz zer pentsa eman zidala.
Aldaketa handiak jasan ditu gure erosteko erak. Eskualdean Mamuten eta Carrefourren —edo Pryca zen?— kokapenak segida luze baten hasiera izan ziren: lehen azalera handiak. Ustez, abantailez josita zetozen: leku bakarrean beharrezko guztia erosi ahal izatea; orga leporaino bete eta arazorik gabe aparkatutako autoraino bertaraino eraman ahal izatea erosketa pisutsua; ordutegi zabala… eta hala, ez dakit gu zenbateraino ohartuta, gure herrietako denda txikiak hustutzen eta ixten joan ziren.
Ekarri zituzten abantailen haritik, nago zentralitatearen ezaugarri horri ezin izan dietela eutsi azalera handiek. Gero eta maizago entzuten da esnea hiper batean, garbikariak beste batean, kremak bestean-eta erosiz gabiltzala. Bakoitzak bere arrazoiak ditu: dela prezioa, aukera, kalitatea… kontua da alboratu nahi genuen dendaz dendakoa, hiperrez hiperrekoa bihurtzeko zorian dela.
Aldatu da, era berean, dendariaren eta bezeroaren arteko hurbiltasuna. Errenteria-Oreretako Biteri kalean sartzea besterik ez dago: Kirogako izkinetik hasi eta ezkerretara lehen denda ileapaindegi arabiarra; ondoren, lokutorio hegoamerikarra; aurrerago, pakistaniarrak ikusiko dituzu espaloiko fruta-kaxak atontzen; aurrez aurre, berriz, txinatarrak urte osoan aukeran dituzten jantziekin eta oinetakoekin… Zeinen txikia bihurtu zaigun mundua, eta zeinen anitza gure herria!
Gure auzoko plazan lehiakortasunaren perla izan daitekeen gertaera katea dugu. Urtetan bi barazki eta fruta dendek elkarbizitu dute, bakoitza plazaren alde banatan. Hirugarren barazki eta fruta denda ireki zuten, duela urtebete inguru. Erosleak banatu beharrak zeuden hiru aukeren artean. Laster ohartu nintzen denda batzuk hustu eta besteak betetzen hasi zirela, artean zegoen oreka puskatuz. Hirua beti zenbaki txarra omen, eta hala gertatu da oraingoan ere. Egun batetik bestera itxi egin zuten urtetako denda bat. Egunetara, fruta eta barazkiak agertu ziren berriro hustutako dendan. Berrian, pakistaniarrak dira jabeak. Eta a zer nolako zentimo eta irekiera ordutegi dantza dagoen orain gure plazan! Denbora gutxian ikusi dut nola berriro atzera hustutako denda betetzen ari den eta besteren bat jada ez den hain lepo egoten. Interesgarria bihurtu da gure plazako barazki eta fruten joan-etorria… Lortuko ote dute denek bizirautea edo oraingoan ere baten batek bestea gailenduko du? Estu dago lehia.
Gure denden nazioartetze horretan, hizkuntza paisaiak ere izan du aldaketarik. Etxeko postontzira kebab baten iragarki orria iritsi da. Euskal izena duela ikusirik, orrian behera irakurtzen jarraitzeko jakin-mina piztu zait. Jatetxearen eskaintza elebietan dator: euskaraz eta gaztelaniaz. Eta pentsatu dut, beste herrialdeetako jendeek iritsi behar izan dutela herriko dendetako hizkuntza paisaia pixka bat astintzera. Eta zer esango dizut, hemengo beti-betiko jendea gaztelania hutsez iragartzen jarraitzen den bitartean, hara kebabekoek non sumatu duten euskarak, akaso, balio erantsia duela.
Itxaropen txiki bat piztu zait, prezioen lehiak eragina duen gisara, iragartzeko hizkuntzak ere lehia sortu eta euskara artean iritsi ez den esparruetara iritsiko ote den.
Ez da berria gurera dendari etortzekoa. Hala jaso zuen musika eta testugile ezezagunak: Donostiako hiru damatxo Errenterian dendari… Damatxoak baino finagoak izango ote dira datozenak!