Balkoietan ikurrinak jartzeko eskatu du Bilduk
Pasaiako EH Bilduk babesa agertu dio Bai Euskal Herriari-k euskal ikurren alde abiarazitako kanpainari eta haiek egindako deialdietan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Espainiako epaitegien aginduz hilaren 14a baino lehen Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzera derrigortuta dago Pasaiako Udala, eta hori salatzeko, Bai Euskal Herriari-k pasaitarren etxeetako balkoietan ikurrinak jartzeko deia egin du, eta deia hori bere egin nahi izan du Pasaiako Bilduk. Horretarako, lau barrutietan ikurrinak salgai jarri dituzte, San Pedroko Antxetan eta Alkartetxean, Trintxerpeko Avenida tabernan, Donibaneko Itziar Tabernan eta Antxoko Urdin liburu-dendan.
Halaber, asteartean udalak egingo duen pleno berezira joateko deia egin du EH Bilduk, “ikurrinaren alde aurkeztu duen mozioa eztabaidatzeko”.
Azkenik, datorren larunbatean (hilak 12), 13:00etan, Bai Euskal Herriari-k, Pasai Antxoko Gure Zumardian antolatu duen Ikurrinaren aldeko ekitaldian parte hartzeko eskatu du Bilduk. Pasaiako EH Bilduk ekimenean parte hartuko duela jakinarazi dio eta bere militantziari bertaratzeko deia egin dio “inposaketari aurre egiten dion herri baten aurrean daudela konturatu daitezen”.