Alkateak hondakinak kudeatzeko "edukirik gabeko proposamena" egin duela uste du Errenteriako EAJk
Kritiko azaldu da Errenteriako EAJ hondakinen kudeaketaren gaian Bilduk izan duen jarrerarekin. Maita Peña taldearen eledunaren ustez, “edukirik ez duen proposamena” landu du Julen Mendoza alkateak, eta zehaztu du hondakinen mahaitik “alde” egin zuela Bilduk, “bere nahia inposatu” nahi zuelako, “besteekin akordioetara iritsi baino”. Hortaz, hondakinak kudeatzeko “proposamen landu, serio eta integrala” egin dezala eskatu dio alkateari.
Peñak salatu du herritarrei hondakinen kudeaketarako proposamenak azaltzerakoan Bilduk “atez ateko sistema ez den beste eredu alternatiborik” ez duela planteatzen, eta 5. edukiontziaren gainean egindako proposamena zalantzan jarri du, “5. edukiontziaren inguruko proposamen serioa aurkez dezala. Gainera, konpostagailu komunitarioek hondakinen legea betetzen duten jakin nahi dugu, zein arduratuko den konposta ondo egiten den ziurtatzeaz, eta ea bizilagunek usain txarrak, zomorro eta animaliak jasan beharko dituzten ere”.
EAJren proposamena da birziklatze tasa altuagoa lortzeko lehenik “errenteriarrak kontzientziatzea, eta ondoren borondatezko 5. edukiontzia jarri. Guretzat garrantzitsuena ez da jasotzen den kantitatea, jasotzen denaren kalitatea eta herritarren konpromisoa baizik. Hori lortzeko beharrezkoa da proposamenak ondo lantzea”.