
Asier Legorburu Kultura zinegotzia, Iñaki Gurrutxaga Oiartzungo Flauta Taldeko zuzendaria eta Ane Narbarte, Oiartzungo Flauta Taldeko kidea eta kartelaren egilea.
Oiartzungo Flauta Taldeak antolatuta, 150 musikari inguru elkartuko dituen ekitaldia izango da larunbat honetan (apirilak 5). Lehenengo flauta lehiaketa izango da, 09:30etik aurrera.
Egun guztiko egitaraua prestatu dute. Hala, goizean audizioak eskainiko dituzte parte hartzaileek, binaka, hirunaka, launaka zein bosnaka; eta 12:00etan bakarlariek izango dute protagonismoa, Arantza Guinea piano-jolearen laguntzarekin.
17:15ean, bakarlari guztiek kontzertu bat emango dute Doneztebe plazan eta 19:15ean, kontzertua izango da udaletxean. Kontzertu hori goizeko audizioetan onenak izan direnak emango dute, Caballeros del Traverso eta Euskal Herriko Flauta Orkestrarekin batera. Flamenkoan oinarritutako flauta-jolearen doinuekin bukatuko da emanaldia.
Lehiaketaren helburua “tresna zoragarria hau ezagutzera ematea” da Iñaki Gurrutxaga Oiartzungo Flauta Taldeko zuzendariaren hitzetan.