Hasi dira 2014ko Hondarribiko Herri Olinpiadak, aro modernoko aurrenekoak, garai batean herrian egiten zirenetan oinarrituta daudenak eta haiek txiki utzi nahi dituztenak. Larunbat goizean hasi ziren, zeremonia hunkigarri batekin.

Puntako teknologia erabiltzen dute olinpiadetan
Hasi dira 2014ko Hondarribiko Herri Olinpiadak, aro modernoko aurrenekoak, garai batean herrian egiten zirenetan oinarrituta daudenak eta haiek txiki utzi nahi dituztenak. Larunbat goizean hasi ziren, zeremonia hunkigarri batekin. Bildutako jendetzaren artean askori gorritu zitzaizkien begiak, batez ere su-ontzitik ateratako kearekin Pisuzarra plaza bete zenean; ondorengo trakak ere lagundu zuen horretan.
Berandu iritsi zen sua Santiago kalera, Amuteko semaforoa itxita harrapatu zutelako. Jendea etxera itzultzeko zorian zegoenean sartu ziren zuzilariak Portuan eta orduan hasi zen festa. Bi emakume baserritarrek egin zuten azken lekukoa su olinpikoarekin eta jendeak txaloka eta “guapa”-ka hartu zituen. Olinpiadetako abestiaren lehen nota entzutearekin batera piztu zuten sua eta horrekin hasi ziren 2014ko olinpiar jokoak. Jarraian gertatu zena ez da erraza azaltzen, sua, zarata, ehundaka petardo, Udaltzaingoaren helikopteroak txiribueltak egiten… itzela, ez ahazteko modukoa. Udaletik adierazi dutenez, San Pedro kaleko adokin berrietako asko aldatu beharko dituzte, dezibelio mailagatik lurretik altxa zirelako.
Denbora galdu gabe —nahiko galdu zuten antortxeroek— ekin zitzaion taldeen aurkezpenari. Koldo Emeryk maisuki zuzendutako aurkezpena izan zen. Bikain aritu zen hizlaria, nahiz eta ahotsean emozioak sorturiko dardarizoa antzematen zitzaion; euskara hutsean egin zuen aurkezpen osoa, herri olinpiadetako hizkuntza ofizial bakarra baita euskara. Bakoitzaren izena entzunda, banan-bana hurbildu ziren taldeak eszenatokira —eszenatokirik ez zegoen, baina irudikatu dezagun—. Hogei talde zeuden izena emanda, baina hemeretzi azaldu ziren (
ikusi taldeen argazkiak).
Zahartrosis taldea ez zen aurkezpenera agertu eta, hurrengo jardunaldian parte hartu nahiko balu, sailkapeneko azken postuan eta punturik gabe hasiko luke txapelketa. Larunbateko lehiaketa bukatu zenean antolatzaileek oraindik ez zekiten taldea ez aurkeztearen arrazoia, baina HITZAk taldeko medikuarekin hitz egitea lortu du: “Hasieran ez zen larria baina tratamenduarekin ez genuen asmatu eta zahartrosia zahartritisarekin elkartu eta kristoren zahartrofia batean deribatu zuen. Ez dakigu zenbat denbora beharko duten sendatzeko. Taldeko mediku berriari galdetu beharko diozu hori”.

Zaku proba izan zen lehena
Hasteko, herri kirolak
Herri kiroletako probak ospatu ziren larunbatean, eta zaku probarekin hasi ziren. Antolatzaileek zakuak Internetez erosi zituzten eta iritsi zirenean handiegiak zirela ohartu ziren. “Bakoitzean lau tipo sartzen dira gutxienez”, esan zuen batek eta bonbilla piztu zitzaien: “sartu daitezela lau zaku bakoitzean”. Eta hala egin zuten. Proba nahiko parekatua izan zen, izan ere, talde guztiak egun berean iritsi ziren helmugara. Lauko zaku proban teknika garrantzitsua da eta parte hartzailetako asko letretakoak zirela nabaria zen. Baina azkenean denak iritsi ziren, eta ia denak zaku barruan.
Lokotx biltze proba egin zen gero. Talde bakoitzak bost partaide behar zituen, batek lokotxak bildu, hurrengoak jarri, hirugarrenak bildu, besteak jarri eta azkenak jaso. Emozio handiko proba izan zen, azkarra, eta horretan bai, lokotx biltze proban erabili zuten Fagorren erositako fotofinis makina. Ordurako harmailak beteta zeuden eta Pisuzarrako balkoietan bandera asko ikus zitezkeen. Publikoan asko ziren garai bateko olinpiadetako partaideak, baina turista ugari ere hurbildu zen San Pedro kaletik eta, harrituta, denbora askoz geratu ziren herriko gazteriak antolatutako olinpiadetako probak ikusten. Musikak lagundu zuen horretan, itzela DJ Kanupiren kantu aukeraketa eta abilezia soinu mahaiarekin.

Kaleen zozketa ordenagailu bidez egin zen
Ondoren, palo skiko proba egin zuten. Hasiera batean eguraldi txarra zegoen iragarrita eta proba elurretan egingo zela uste zen, baina elurrik ez eta lehorrean aritu behar izan zuten eskiatzaileek. Hortaz, mekanikoek lan handia izan zuten Santiago kaleko harlanduak zigortutako eskiak konpontzen. Zorionez, Hondarribiko herri olinpiadetan puntako teknologia erabiltzen da eta grapagailuak ez ziren edonolakoak. Oso ona mekanikoen lana, eta bikaina parte hartzaileen kiroltasuna. Hurrengo urterako Santiago kaleko lurra aldatzeko eskatuko dio batzorde olinpikoak udalari; agian horrela lortuko da proba olinpikoak San Pedro kalean egiteko baimena.
Jakina denez, Hondarribiko Herri Olinpiadak taldekako olinpiadak dira, eta proba jakin batzuetan nabariagoa da hori, esaterako, palo skian. Zortzi partaide behar ziren palo skiko proba egiteko, eta kirolari kopuru hori ez zuten taldeetan, kirolari batek edo batzuk esfortzu bikoitza egin behar izan zuten, eta hori zuten kontra. Alegia, ‘sei faltan hiru’ baino hobe zela ‘sei faltan bederatzi’.
Finalaren aurretik, txingen lehia izan zen. Errelebo azkarraren proban abiadura da garrantzitsuena, baina teknika eta zortea ez dira atzean geratzen. Lekukoa ematerako orduan denbora asko galdu daiteke eta zer esanik ez txingaren euskailua puskatzen bada, txinga besapean eraman beharra baitago eta horri ondo egiteko teknika menperatzeko entrenamendu saio asko behar direlako. Batzorde olinpikoko egiaztatzaileak ari dira euskailuetan izandako arazoetan zer gertatu ote den aztertzen eta aurki espero da haien txostena, baina dagoeneko Madrilgo gobernuak esan du ez duela nazioarteko egiaztatzaileen txostenik onartuko.

OlinpiadakTBko kazetariak lanean
Lau probetan eta ikurraren lehian puntu gehien pilatutako lau taldeek finala jokatuko zuten, soka tiraka. Lehenago, laugarrenaren eta bosgarrenaren artean berdinketa haustea jokatu zen, eta ondoren, finalerdiak, 3. eta 4. posturako lehia, eta finala. Ezin borrokatuagoa izan zen azken proba, kirol maila itzeleko goiz bati amaiera emateko modu ezin hobea izan zelarik. Ikusi ez zuenak barkamenik ez du, baina heldu den asteburuan laburpena ikusi ahal izango du Interneten, OlinpiadakTB kateko erreporteroen lanari esker. Bideoa eskuragarri dagoenean horren berri emango dugu Oarso Bidasoko Hitzako
Olinpiadetako atal berezian.
Hori da larunbateko jardunaldi olinpikoan gertatu zen guztia. A, ahaztu zaigu, Korrokoiak taldeak irabazi zuen, baina hori gutxienekoa da.