Carlos Gebara, Olatz Ugalde eta Sagrario Alza izango dira alardearen ondoren Sorturen herriko batzarraren eta egituraren artean sortutako krisiaren ondorioz dimititutako hiru zinegotziak ordezkatuko dituztenak. Hondarribiko Sortuk bidalitako ohar batean azaltzen denez, “arazo horrek eragindako geldialdia atzean” utzi nahi dute, “eta dagoeneko dimititutako zinegotziak ordezkatuko dituztenak izendatu ditugu. Hirurak Bilduk azken udal hauteskundeetan aurkeztutako zerrendan egonik, beraien izendapena onartu dute”. Apirilean hartuko dituzte haien karguak.
Urriaren 9ko plenoa gauzatu zen dimisioa
Irailean piztu zen krisia ezker abertzaleko herriko batzarraren eta egitura nazionalaren artean. Alardean alabarekin desfilatu behar zuelako dimisioa aurkeztu zuen Juanito Ortiz zinegotziak, “alarde baztertzailean desfilatzea” alderdiaren kode etikoaren kontrakoa zelako. Baina herriko batzarrean gaia landuta, Ortizen dimisioa ez zuten onartu gehiengo zabalez eta alderdiko egiturarekin krisia sortu zen.
Krisi horren ondoren Sortuko beste bi zinegotziek ere, Ibai Labaienek, eta Marilena Castillok euren karguak utzi zituzten eta, Sortuk bidalitako oharrean azaltzen denez, baita herri kontseiluko kideen gehiengoak: “Sorturen zuzendaritzarekin iritzi kontrajarriak omen zituzten eta akordio batera iritsi ezinik, gehienek bertan behera utzi zituzten beraien ardurak”. Ondorioz, urriaren 9ko plenora Bilduko bi zinegotzi baino ez ziren agertu, EA alderdikoak, ezker abertzaleko hiru ordezkarien dimisioa gauzatuz.
HITZAk jakin duenez, bi aldeen arteko hartu eman ugari izan da azken hilabeteotan, baina akordio batera iritsi ezinik, otsailaren 13an haustura gauzatu zen. Egun horretan, herri batzarra egin zuen ezker abertzaleak eta bertan, gehiengoz, alderdiak herritik egindako eskakizunei emandako erantzunak nahikoak ez zirela ondorioztatu eta egituratik kanpo geratzea erabaki zuen.
Baina erabakia ez zen ahobatezkoa izan eta erabaki horrekin bat ez zetozen militanteek Sorturen herriko egiturari jarraipena eman zioten eta herri kontseilu berria eratu zuten, alderdiko egiturarekin batera. Hala, zenbait bilera egin dituzte, eta “barne lantaldeak lanean” daudela jakinarazi dute. Oharrean azaltzen denez, Gebarak, Ugaldek eta Alzak dimititutako zinegotziak ordezkatzea onartu dute eta aste gutxi barru hartuko dituzte euren karguak. “Arazoak arazo, auzi honek eragin digun geldialdia atzean utzi nahi dugu eta bide honetan gure bozka emaile eta kideei jakinarazi nahi diegu berriro ere hasiak garela lanean. Horrela, dagoeneko dimititutako zinegotziak ordezkatuko dituztenak izendatu ditugu”.
Ordezkapena, apirilean
Gauzak ondo, apirilean egingo da zinegotzien ordezkapena, Zuloaga Etxeko zaharberritze proiektua onartzeko egingo den osoko bilkuran. Gaur goizean zen egitekoa pleno hori, baina Bilduk eskaera egin zuen liburutegiaren erreforma gai zerrendatik ateratzeko eta Aitor Kerejeta alkateak bilkura osoa atzeratzeko erabakia hartu du: “Bildu taldeak eskatu du Zuloaga Etxearen inguruko puntua eguneko gai zerrendatik kentzeko. Ikusita laster Bilduk hiru zinegotzi berriak izango dituela, egokia iruditu zaigu Udalbatza osoa atzeratzea, horrela Hondarribirako hain garrantzitsua den proiektu honen erabakia hartzeko orduan parte hartu ahal izango dutelako beraiek ere”.
Apirilean egingo dute Zuloaga Etxeko proiektu aldatua eta lanetarako baldintza plegua onartzeko eztabaida, oraindik zehaztu gabeko egun batean.