Ez dira inoiz joango

Aspaldian ez genuen horrenbeste uniforme eta Espainiako Segurtasun Indarrei buruzko berririk ikusi albistegietan. Armadatik hasita, argigarria izan zen Berria-k, Twitter-en, militarrek Hego Euskal Herrian dituzten lau kuartel nagusien berri emateko egindako mapa. Mungia: Infanteria arineko Garellano brigada, Kordobako brigadaren menpekoa. Loiola: Infanteria arineko Tercio Viejo de Sicilia erregimentua, Extremadurako brigadaren menpekoa. Gasteiz: Infanteria arineko San Marcial brigada, Aragoiko brigadaren menpekoa. Aizoain (Berriobeiti): mendiko ehiztarien America erregimentua, Madrilgo brigadaren menpekoa. Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzean kuartel bat. Horrez gain, Bardeako tiro poligonoa, Jaizkibelgo noizean behineko maniobrak, aldika Euskal Herriko herri eta mendietan egiten dituzten agerraldi ikusgarriak… Arestian aipatutako lau kuartel horiek Hego Euskal Herriko mapan ikusita, armadaren kokapena estrategikoa dela pentsa liteke. Kuartel nagusi bana Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan. Argigarria bezain ikusgarria izan den bestea, berriki Fiteron ikusi dugun argazkia, Guardia Zibilaren kuartel berriko lehen harri-jartze ekitaldikoa. Jorge Fernandez Diaz ministroa, Guardia Zibileko buruak, Elizakoak, Yolanda Barcina Nafarroako presidentea eta beste pertsona esanguratsu batzuk argazkian. Berlangaren filmeren batekoa zirudien eszenak. Zuri-beltzeko argazkia. Trikornioak, sotanak eta aginte makilak. Donostian ikusi berri dugun argazkia ere aipatzeko modukoa da; kasu honetan, Polizia Nazionalaren komisaria berrian egindakoa. Jorge Fernandez Diaz barne ministroa, Polizia Nazionaleko zuzendari eta buruak, Carlos Urkijo gobernu ordezkaria eta Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina. Munillak bedeinkatu zuen 16.000 metro koadroko egoitza, 17,5 milioi euroko kostuaizan duena. Eta erants diezaiogun hausnarketa honi barne ministroak Euskal Herrian utzi duen beste argazkia: Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin hizketan egin diotenekoa. Bilbon egindako bilera horretan, sailburuak Segurtasun Batzordearen bilera eguna adosteko eskaera egin arren, ez da akordiorik izan. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Segurtasun Indarren kopurua murrizteko proposamena jarri nahi du mahai gainean, bi gobernuek segurtasun gaiak koordinatzeko duten organo horretan. Barne ministroak, ordea, ozen utzi du mezua, ETA behin betiko desegin arte ez dutela polizia kopurua murriztuko. Zenbat polizia eta guardia zibil daude Hego Euskal Herrian? Amaiur koalizioak 2012an Kongresuan egindako galderari zera erantzun zion gobernuak: 7.063, guztira (4.837 guardia zibil eta 2.226 polizia nazional). Horiez gain, 8.000 ertzain inguru eta 1.100 bat foruzain daude. Rajoyren gobernuak, beraz, ez du ETAk indarkeria utzi ondorengo aro honetan poliziaren presentzia arinduko. ETA behin betiko desegin artekoa da emandako hitza. Gobernuaren agindu horri ETA jardunean zegoeneko mezuen tankera har lekioke. «Armak isiltzean eta hiltzeari uztean» izan zen diskurtsoaren lehen moldea. Orduan dena izango omen zen gauzagarri. Aurrerago, ordea, «armak utzi ostean» izan zen mezua. Orain, berriz, desarmerako oztopoak jartzen ari direnean «ETA desegitean» asmatu dute. Eta, ziur, inolako zalantzarik gabe, desarmea amaitu ondoren ere, beste batzuk izango dira baldintzak, asmakizunak, epeak, aitzakiak, hitz jokoak… Ingurumari honetan, ez dugu ahaztu behar Fiteroko eta Donostiako ospakizunetara etorritako Barne ministro berberak esan duela berriki Nafarroa estrategikoa dela Espainiarentzat. Bistan da, PPren gobernuarentzat eta, zuri-beltzeko argazkietan ikusi ditugun guztientzat, Nafarroa soilik ez, Euskal Herria bera dela estrategikoa. Galde diezaiotela, gure udaletxeetan bandera espainiarra jartzearekin tematuta dagoen Carlos Urkijo gobernu ordezkariari. Barne ministroa, egunotan, Poliziaren eta Guardia Zibilaren eraikin eta egoitza berriak inauguratzera etorri da. Ez dute hemendik alde egiteko asmorik. Behin eta berriro gurean soberan daudela gogorarazten ez badiegu, ez dira inoiz joango.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.