Astelehenean hasi eta ostirala bitartean kamera musikarekin gozatzeko aukera paregabea izango da Trintxerpen. Musikenek, Pasaiako Musika Eskola eta udalarekin elkarlanean kalitate handiko egitarau erakargarria osatu du hirugarren urtez jarraian. Gaur aurkeztu dute egitaraua, Trintxerpeko alkateordetzan, Pasaiako udaleko kultura zinegotzi Juanra Canok, Musikeneko zuzendari orde eta kanpo harremanetako arduradun Mari Jose Canok, eta Juanje Neirak, Pasaiako Musikaleko zuzendaria. Hiruak azaldu dira esker onez, Juanje Neirak eta Juanra Canok Musikenerekin, “zorte handia delako musikako etorkizuneko profesionalak” Trintxerpen entzun ahal izatea, eta Musikeneko Mari Jose Canok, udala eta musika eskolarekin, Musikeneko ikasleentzat jende aurrean jotzeko aukera izatea garrantzitsua delako beren bizitza profesionalari begira.
Musikeneko Canok esan duenez, “oso pozik” daude egitarauarekin, “denetik dagoelako”. Hona hemen egitaraua:
- Astelehena: Saxofoi ensenblea
- Asteartea: Judit Martinez eta Aida Briceño sopranoen kantu kontzertua, Jesus Lopez Blanco pianoan lagunduta.
- Asteazkena: Laukene hari laukotea
- Osteguna: Skala-Brass metalen taldea
- Ostirala: The Soul Messengers jazz taldea
Kontzertu guztiak 20:00etan izango dira, alkateordetzan, doan.