Euskal Ligako La Bacaladera Hondarribia eskubaloi taldeak Egian (Donostia) jokatuko du gaur arratsaldean, liga erregularreko. Joan den asteburuan ozta-ozta liderrarekin galdu eta gero, bigarren tokian jarraitzen dute Javi de la Hazaren mutilek, baina puntu bakarra ateratzen diote orain hirugarrenari. Kiroletik blogean elkarrizketa egin diote Mikel Vazquez jokalariari eta etxeko lehen porrotaz eta taldea egiten ari den denboraldi bikainaz mintzatu da.
Euskal Ligako La Bacaladera Hondarribia eskubaloi taldeak Egian (Donostia) jokatuko du gaur arratsaldean Egia Koskorrio taberna taldearen kontra, liga erregularreko 21. jardunaldian. Joan den asteburuan ozta-ozta liderrarekin galdu eta gero, bigarren tokian jarraitzen dute Javi de la Hazaren mutilek, baina puntu bakarra ateratzen diote orain hirugarrenari, Zarauzko Amenabarri. Sailkapeneko lehenengo biek jokatuko dute Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketa eta geratzen diren sei partidetan erabakiko da zeintzuk diren bi talde horiek.
Kiroletik blogean elkarrizketa egin diote Mikel Vazquez jokalariari eta etxeko lehen porrotaz eta taldea egiten ari den denboraldi bikainaz mintzatu da.
Usurbilek ia seguru jokatuko du play-offa, sei partidaren faltan zortzi puntu ateratzen baitizkio La Bacaladerari eta bederatzi Amenabarri. Bigarren posturako hautagai asko daude, matematikoki hamargarrenak ere ez duelako aukera hori baztertuta, baina ziurrenik hiruren arteko kontua izango da: La Bacaladera (28 puntu), Amenabar (27 eta hondarribiarrekin
average-a galduta) eta Erandio (23 puntu baina partida bat gutxiago, azkenaren kontrakoa).
Denboraldi amaiera gozoagoa du Hondarribiak Amenabarrek edo Erandiok baino. Bi talde hauek elkarrekin aritu beharko dira ligako azken jardunaldian eta Amenabarri, gainera, Usurbil liderrarekin jokatzea falta zaio. Hori bai, bi partida zail horiek Zarautzen ditu Amenabarrek, etxean. Erandiok dagoeneko jokatu du Usurbilekin, baina denboraldi bukaera oso deserosoa du; besteren artean, etxean 6.a eta 7.a jasoko ditu eta kanpoan 2.ren, 3.ren eta 5.aren kontra jokatu beharko du.
Hondarribiak liga amaiera arte izango duen aurkari gogorrena Erandio izango da. Heldu den asteburuan bisitatuko dute bizkaitarrek Hondartza kiroldegia. Gainontzeko partidak talde ahulagoen kontra ditu De la Hazaren taldeak, haien artean, sailkapeneko azken sei tokietan dauden lau talde.
Baliteke atzeko bi taldeek hutsen bat egitea, baina hori geratu arte helburu argia du La Bacaladerak: geratzen diren sei partidetatik gutxienez bost irabazi eta bat berdindu. Hori gauzatuz gero, inork ez dio kenduko orain eskuetan duena eta denboraldi hasieran baiezkorrenek ere espero ez zutena, hots, Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketarako sailkatzea.