Talde sustatzaileko kideak, atzoko agerraldian
Euskal Herriko Eskubide Sozialen karta osatzeko bidean, Oiartzunen lantalde batek hori herrian lantzekoa ardura hartu, eta lehentasunak ezarri ditu. “Elite ekonomikoek harturiko erabakiek” oiartzuarren bizitzan ere eragina izan dutelakoan, horri “aski da” esateko garaia iritsi dela uste dute Oiartzungo talde sustatzaileko kideek, eta etorkizuna herritarrek erabakitzeko bidean “egungo balio sistemaren eraldaketa” proposatu dute, “herritarren beharrak” erdigunean izanda.
Horren berri emateko agerraldia egin zuten atzo arratsaldean hainbat oiartzuarrek, zertan dabiltzan azaltzeko. Horien arabera, Oiartzunen ere enplegua suntsitzen ari da, lan baldintza kaxkarrek prekarietatea indartzen dute, etxebizitza, hezkuntza eta osasun eskubideak unibertsaltasuna galtzen eta “pribatizatzen” ari dira, eta ingurumen arloan ere “esplotazio” gehiegizkoa salatu dute: “Azken finean, gure bizitzen inguruko erabakiak kapitalak hartzen ditu, norbanakoen zein herriaren etorkizuna baldintzatuz”. Jarrera horiek egungo krisialdi ekonomikoaren sorburuan daudela esan dute.
Hortaz, horri aurre egiteko taldea ere badago Oiartzunen, Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartari ekarpena egingo diona. Bide horretan, “mobilizazioaren bidetik eta aniztasunetik” , hainbat jarduera egiteko asmoa dute, tartean, karta hori osatzeko herriko eztabaida. Eztabaida hori bi egunetan egingo dute, horietako bakoitzean hainbat gai landuko dituztelarik. Honakoak dira datak eta gaiak:
- Hilak 20, osteguna, 18:30ean Haurtzaro Ikastolan, bi eztabaida gune: bata bizitzaren mantentzearen eta enpleguaren inguruko eztabaida, eta bestea eskubide sozialen gainekoa.
- Hilak 27, osteguna, 18:30ean Haurtzaro Ikastolan: kultur eta hizkuntza eskubideen gaineko gogoeta, eta lurralde eta ingurumen eskubideen gainekoa.