Txosteko aurrelariak ezarri du partidaren erritmoa
Xabier Ondaro eta Iosu Leonet dira joko garbiko 2014ko Gipuzkoako Gazte Mailako Txapeldunak, gaur arratsaldean Madalensoro pilotalekuan Zubietako Bordagarai-Arrillagaren kontra 40-30 irabazi eta gero. Partida polita eta gogorra jokatu dute bi bikoteek eta txalo asko jaso dituzte harmailetatik. Markagailuak erakusten duenaren kontra oiartzuarrek lan handia egin behar izan dute garaipena eskuratzeko eta oso nekatuta iritsi dira 40. zenbakira, batez ere kilometro asko egin behar izan dituen Ondaro atzelaria.
Partidan sartzea kostatu zaien arren, finalean gehiago izan dira oiartzuarrak. Lehen tantoak parekatuak izan dira, eta zubietarrek etxeko bikotearen hutsak aprobetxatu dituzte, 7-9 jarri arte. Baina oiartzuarrek markagailua irauli (11-9) eta hortik aurrera abantaila handitzen hasi dira. 11-10etik 17-10era pasatu dira eta ondoren tarteari eusten jakin izan du Txosteko bikoteak.
Leonetek nahi bezala kudeatu du partidaren erritmoa eta arnasaldiak eman dizkio Ondaroari, eta Txosteko atzelaria garaitezina egon da atzeko koadroetan eta bikain sakean, indartsu eta zehatz. Azken emaitzak argi erakusten du zeinek merezi izan duen garaipena, baina Ondarok eta Leonetek izerdi asko bota behar izan dute besoak jaitsi nahi izan ez duten pilotari zubietarren kontra.
Omenaldia entrenatzaileari
Etxelekuren omenaldiko une bat
Oiartzuar gazteen garaipenaren ondoren eta nagusien finalaren aurretik, Peio Etxeleku Txosteko entrenatzaileari omenaldi polita egin diote taldekideek. Garai batean joko zuzenen hiriburu izan zen Oiartzun baina 36ko gerrak kirol hori herritik desagertu arazi zuen. Duela hamar urte urrezko garai haien berreskuratzen hasi zen Txost elkartea eta Etxelekurengana jo zuten. Harekin hasi ziren joko zuzenak lehengoratzen Oiartzunen eta horregatik omendu nahi izan dute, hamar urtez pilotari gazteekin egindako lana eskertuz.
Dagoeneko hogeitik gora dira garai bateko pilota modalitateak praktikatzen dituzten neska-mutil oiartzuarrak, joko garbian, errebotean nahiz pasakan.