Errenteriako EAJ: "Bildu udal zerbitzuen kontratuak gaizki kudeatzen ari da"
Errenteriako EAJren ustez, kudeaketa txarra egiten ari da Bildu udaleko hainbat zerbitzuren kontratuen kudeaketan, kale garbiketa, TAO eta garabi zerbitzuetan zehazki. Maite Peña EAJren udal bozeramailearen arabera, “diru kantitate handikoak eta oso garrantzitsuak diren kontratuak luzatzen ari da Bildu behin eta berriz, aldez aurretik ez aztertu eta berrikusi izanagatik, kontratu horiek amaitzear daudela jakinda ere” Peñak jakinarazi du urteko 910.000 euro ordaintzen dituela TAO eta garabi zerbitzuagatik.
Azken zerbitzu horren haria, Peñak esan du egun emakida duen enpresak uko egin diola zerbitzua luzatzera, errentagarritasun arazoengatik (apirilean bukatzen da emakida hori), eta horregatik, EAJk salatu du Bilduk ez duela horren alternatibarik landu, “ez ditu etxeko lanak egin. Udal gobernuaren kezka bakarra da nola lortu enpresa mantentzea, kontratua luzatzea eta errentagarria izaten jarraitzea”. Hori egiteko udalak enpresaren langileekin hitz egin duela zehaztu du Peñak, “soldata jaisteko iradokizuna luzatuz”.
Gipuzkoako adinekoen egoitzen kudeaketarekin alderatu du Errenteriako kasua EAJk. Esan du herrialdeko egoitza horietan daude enpresei “presioa” egin dietela langileen soldatak igotzeko, eta Errenteriako kasu horretan jaistea proposatzen ari dela, “nola uler daiteke kontraesan hau?”. Horrela, Bildu enpresaren interesak ari dela babesten ziurtatu du EAJk.
Azkenik, Peñak eskatu du garabi zerbitzua ez dadila izan “dirua biltzeko” zerbitzua, eta hurrengo trafiko batzordean gaiaz hitz egingo duela.