Atez atekoaren kontrako manifestazioei babesa erakutsi die EAJk
EAJ-PNVko udal taldeak babesa erakutsi die Antxon eta Trintxerpen egin diren manifestazio eta kontzentrazioei eta “baita bertaratu diren milaka pertsonei ere”, jeltzaleen iritziz, guztiek “garbi eta ozen” erakutsi dutelako atez atekoaren kontra daudela eta 5. edukiontzia nahi dutela. Jeltzaleek, adierazpen hauek guztiak alkateak hausnarketa egiteko balio izatea espero dute eta udal gobernuari “ea baduten ezer esatekorik manifestazio”hauei buruz.
Bestalde, gogor kritikatu dute udal gobernua, Zumalakarregi kalean atondu duten lokala Eusko Jaurlaritzari baimena eskatu gabe eraiki dutelako. Lokala topoaren azpialdeko arkupetan kokatu dute, eta EAJren arabera, kontuan hartuta lur horiek Eusko Trenenak direla, Udalak baimena eskatu beharko lioke Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailari.