
Trafikoa mantsotzeko lanak hasi dira
Trafikoa mantsotzeko eta segurtasuna aregotzeko lanak hasi dituzte dagoeneko Lezon. Ainhoa Zabalo alkateak eta Eneko Lartige Hirigintzako zinegotziak bertatik bertara azaldu dituzte aurreikusita dauden eta dagoeneko hasiak diren lanak. Margoketa lanetan ari dira une honetan foru aldundiko langileak. Geldotze planak bi kale hartzen dituela azaldu du Eneko Lartige Hirigintza zinegotziak, Jaizkibel Hiribidea Andreonetik hasita eta kiroldegiraino eta Elias Salaberria Hiribidea. Jaizkibel Hiribideko lanetan bidea estutu egin dute, “Andreone parean hasita 2, 70 metrora istutu dute bidea eta bidegorria egiteko hartu dute beste tartea”, azaldu du Lartigek. Bidegorri zatia Euskal Herria plaza pareraino helduko da eta bertan dagoeneko espaloian dagoen bidegorriarekin lotuko dute. Hasierako planean aparkalekuak egitea aurreikusia bazegoen ere, Donibaneraino bidegorria egitea aurreikusia dagoenez bidegorriarentzat lekua hartzea garrantzitsua iruditu zailea gaineratu du Hirigintza zinegotziak eta horregatik aldatu dutela hasierako asmoa.
Abiadura 30 kilometrora mugatu
Bidegorria errepidetik bereizteko piboteak erabiliko dira eta erdibitzaile goratua jarriko dute errepide zati horretan. Abiadura egungo 50 kilometrotik 30 kilometrora jaitsiko da, halaber. Oinezkoen pasabide guztietan bestalde, goraguneak jarriko ditzutela zehaztu du Lartigek, “autoek abiadura mantsotu dezaten Jaizkibel Hiribidea eta Elias Salaberriako oinezko pasabide guztietan egingo da”. Elias Salaberriako bidegurutzea beste arrisku puntua dela zehaztu dute Lartigek eta Zabalok, “erdibitzaile goratuak jarriko dituzte bertan. Kamioi asko pasatzen dira bertatik eta hau da Lezok pairatzen duen gaitzik handiena trafiko aldetik. Trafiko handia dago eta auto pilaketak izaten dira bertan. Horrekin batera portuko merkantzia asko ere bertatik pasatzen da, eta abiadurarekin hautsa, magnesita, ongarriak… zabaldu egiten dira, abiadura mantsotuta berriz, hainbeste zabaltzea ekidingo dugu”.
Elias Salaberria kalean berriz, Gaintxurizketa aldera aparkalekuak egokituko dituzte 30 autorentzat Algeposako sarrera pareraino, eta eskuin aldean berriz, oinezkoentzat espaloia egingo dute eta baita oinezkoen pasabide ere. Kamioek abiadura handia hartzen dutela zati horretan zehaztu du Zabalok, “egingo diren lanekin mantsoago joango da trafikoa eta bizilagunak lasaiago ibiltzeko aukera izango dute”.
100.000 euroko aurrekontua
Guztira 100.000 euroko diru zatia aurreikusi dute inbertituko dutela trafikoa mantsotzeko egingo dituzten lanetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru zatiarekin egingo dituzte lan horiek eta hilabete eta erdian amaituta izango direla aurreikusi dute.