Haurmina

Senda, senda mina… Haiek bai garai politak, kalean jolasean, jostailuren beharrik gabe, gurasoen begiradatik urrun, aske. Horrela gogoratzen dugu gure haurtzaroa. Goitibeherak eraikitzen genituen eta aldapa arriskutsuetan goitik behera ausartzen ginen. Kanikekin jolasten ginen lohiz betetako zelaietan. Gomarekin eta sokarekin orduak igarotzen genituen saltoka. Tabernetan txapak eskatzen genituen txirrindulari lasterketak irudikatzeko. Esku-jolasen abestiak etengabe errepikatzen genituen. Eskuz margotutako zibarekin trebeak ginen. Orain halako jolasak eta jostailuak whatsapp-en gogoratzen ditugu bideo nostalgikoen bidez: Scalextric, Nancy, Barriguitas, Tente… Lagunek bideoak bidaltzen dizkigute eta bertan agertzen diren kontuak emozioz ikusten ditugu: «Ni ere txorro-morro-piko-tailo-ken jolasten nintzen!; nik ere Mazinger-Z ikusten nuen telebistan!». Haurtzaroaren nostalgia herrimina bezalakoa da: gauza onak gogoratzen ditugu garai edo toki horretako oroitzapen itsusi edo sufrimendua alboratuz. Herritik kanpo dagoenak itzultzearekin ametsa egiten du edo, gutxienez, noizbehinka sorterrian egon nahi du. Baina denbora igaro ahala gogoratzen duen sorterria aldatuz doa, eta askotan, zaila egiten zaio errekonozitzea. Haurmina ere antzekoa da, sentsazio horietara itzuli nahi dugu, baina, era berean, gure oroimeneko haurtzaroak eta orain ikusten dugunak antza handirik ez dute; edo hala iruditzen zaigu, behintzat. Bitartean, gure seme-alabekin jolas parkeetara joaten gara beste erremediorik ez dugulako. Parkean aspertzen gara, igarotzen dugun tarte hori egunerokoan pasatu beharreko denbora delako. Parkeak jolasteko tokiak dira, baina haurrek soilik jolasteko, gainontzekoek begira egon behar dute. Gure herri eta auzo guztietan oso jolas parke ederrak sortu ditugu, baina toki horietatik kanpo ez dago jolasteko lekurik; segurtasunaren aitzakian jolasteko tokiak murriztu baititugu. Lorategiek, plazek eta karrikek denontzako aisia espazioak izan beharko lukete. Kalea jolasteko espazio naturala da, eta adin guztietako pertsonak nahasteko eta disfrutatzeko toki bihurtu beharko genuke. Haurtzarora itzultzea ezinezkoa da, baina orduko bizipenak egunerokoan bizi ditzakegu: dantzan, abestuz, bizikletan ibiliz, itsasoan, jolasean… Helduek ere, egunero jolasteko tartetxo bat har dezakegu: une batez lanak, estresak eta kezkak aparkatu eta jolas sentsazioak gogoratzeko eta berriro bizitzeko tartea. Ziur aski, erlaxatzeko terapia hobeagorik ez dugu aurkituko. Senda, senda, miriku oilo kaka xiriku.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.