Euskal Eurohiriko ordezkariak
Oarsoaldearen hutsunea zegoen Euskal Eurohiriaren mapan, baina dagoeneko parte da. Atzo batzarra egin zuten eta aho batez onartu zuten Baiona eta Donostia elkartzen dituen hiri multzoaren parte izatea.
Bertan izan ziren Martin Garitano diputatu nagusia (gaur egun Eurohiriaren lehendakariordea da), Eurohiriaren ko-gerente diren Jean Grenet eta Jon Peli Uriguen, Jean Baptiste Salaberry Hendaiako alkatea, Michel Hiriart, Biriatuko alkatea eta Sud-Pays Basque aglomerazioaren lehendakaria, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Ainhoa Zabalo Lezoko alkatea eta Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakaria.
Garitanok nabarmendu zuenez, garrantzitsua da Oarsoaldea Eurohirira batzea, 70.000 biztanle gehiago sartuko direla kontuan hartuta, “horrekin hiru motatako erronkei aurre egin ahal izango zaielako erraztasun handiagoarekin”. Honako hiruak aipatu zituen: ingurumeneko erronkak, mugikortasunaren erronkak eta kohesio soziala ere.
Oarsoaldeak “eraldaketarako aukerak” dituela adierazi zuen Mendozak, eta “horiek garrantzi berezi dute testuinguru horretan kokatzea, Baionatik Donostiara doan korridore horretan”. Badiaren inguruan kokatzen diren proiektuak nabarmendu ditu Mendozak.
San Marko gotorlekuan atera zuten argazkia agintariek, eta ondoren, badia bisitatzera joan ziren.