Martxoaren 8ari lotuta Irungo udalak onartutako adierazpen instituzionalarekin bat ez egitea erabaki du Bilduren Udal Taldeak. "Adierazpen horretan gezurrak esaten dira, parte hartzea bultzatzen dela esaten da, baina parte hartzea ez da elkarteen ekimenak udalaren eskuorri batean jartzea", adierazi du Oinatz Mitxelenak.

Mitxelenak Martxoaren 8a kalean egin zituen adierazpenak
Martxoaren 8ari lotuta Irungo udalak onartutako adierazpen instituzionalarekin bat ez egitea erabaki du Bilduren Udal Taldeak, azken urteetan egun horretan eta Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunarekin gertatu bezala. “Adierazpen horretan gezurrak esaten dira, elkarteekin elkarlanean aritzen dela eta parte hartzea bultzatzen dela esaten da, baina guretzat parte hartzea ez da elkarteen ekimenak udalaren eskuorri batean jartzea”, adierazi zuen atzo Oinatz Mitxelena Bilduren Udal Taldeko bozemaileak. Martxoaren 8a kalean egin zituen adierazpenak Irungo EH Bilduko ordezkariak. Azken osoko bilkuran Francoren zaleen izenak zeramaten izendegiko hiru kaleen izena aldatzea onartu zuten eta horietako bat Manuel Aznar Enbaxadorearena zen, aurrerantzean Martxoaren 8a bezala izendatuko dena.
Adierazpen instituzionalak Berdintasun Batzordean lantzea eskatu zuen Mitxelenak, “marko hori eztabaidarako eta erabakitzeko gune izatea”, eta elkarlana sustatzea beharrezkoa dela gehitu zuen “elkarte feministekin eta emakume taldeekin”. Eta, bere esanetan, hori horrela egin ez denez, martxoaren 8ko adierazpen instituzionaletik kanpo geratu da koalizioa, “esaten dena ez delako betetzen eta konpromisoak ez direlako hartzen”.
Bukatzeko, Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformak larunbat arratsalderako deitutako manifestazioarekin bat egin eta bertara joateko dei egin zieten herritarrei joateko. Arratsaldeko zazpietan Zabaltza plazatik abiatuko da eta
Gure gorputza, gure territorioa, gure erabakia izango du goiburua, hori baita TASek aurten Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko ekintzetarako hautatutako leloa.
Eraso “sexistaren” aurrean
Martxoak 8aren harira egindako agerraldia, egun batzuk lehenago Irunen emakume baten kontra izandako erasoa salatzeko aprobetxatu zuen Mitxelenak eta halakoak berriro gerta ez daitezen lan handia egin behar dela iritzi zuen: “Ez Irunen ezta inongo herrietan ez ditugu halako egoerak jasan nahi eta bai erakundeetan eta eragileek egiten dute lanekin harremanetan lan egiten jarraitu behar da, gizartean aldaketan behar direlako. Errepika ez dadin ahalik eta lan gehiena egin behar da guztion artean”.
Kale izendegian egindako aldaketez ere mintzatu zen Mitxelena zinegotzi abertzalea: “Kale honetan eta ondokoan emakumeekin lotura izango duten bi izen edukiko dute, bata emakumeen borrokaren eguna izendatuko du eta bestean Irungo fabrika bateko langileen omenezkoa. Albiste positiboa da, Irunek duen izendegian dagoen emakumeen gabezian pausu bat ematen delako”. Bide horretan lanean jarraitu behar dela gaineratu zuen.