Beira taldeak Gure Esku Dago-ren aldeko abestia estreinatuko du larunbatean Banako tabernan

Gure Esku Dago herri ekimenerako propio idatzitako kantua joko du bihar, larunbata (hilak 8) Beira taldeak Banako tabernan. Lehen aldiz joko dute abesti hori, Gure Esku Dagok Hondarribian egingo duen aurkezpena baliatuz. Horrez gain, Beiraren lehen diskoko abestiak ere entzungo dira Banakon. 21:00etan hasiko da emanaldia eta garaiz joateko eskatu dute, herri ekimenaren izaera eta helburuak azaltzen dituen bideotxo bat proiektatu behar baitute kontzertuaren aurretik. Oiartzungo taldean gitarra jotzen duen Garikoitz Amundarain hondarribiarrak azaldu duenez, ezusteko bat baino gehiago izango da emanaldian zehar: “Dozena bat bertso sortatik gora kantatuko ditugu kontzertuan. Gonbidatuak ere izango dira. Beiraren kontzertuetan ohikoa denez, bertako musikari edo bertsolariak gonbidatzen ditugu parte hartzeko; beraz, ezustekoren bat izango da”, gehitu du Amundarainek. Musikaz gain, zer ikusia ere izango da hilaren 8an Banakon, Goren Alkizak bideo jartzaile bezala jardungo baitu. Hala, musikak momentuan iradokiko dizkion inprobisatutako irudiekin “apainduko” du Alkizak Beiraren kontzertua. Goizez, mendi martxa Goizez ere ekintza bat antolatu du Hondarribian Gure Esku Dago-k. Mendi martxa izango da, 09:00etan Sainduatik abiatuta.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.