
Hirugarren postua lortu zuen Ibarrak taldekako 500 kiloko proban. Onintza Mitxelena eskuinetik hasita bosgarrena.
Irlandako Castlebar herrian izan da Munduko goma gaineko Sokatira Txapelketa, hilaren 20tik 23ra. Euskal Herritik sei talde izan dira bertan, tartean Ibarra taldea. Onintza Mitxelena oiartzuarra (1986) Ibarra taldean dabil urriaz geroztik. Brontzezko dominarekin itzuli dira etxera; talde maila 540 kiloko proban eta 500ekoan lehiatu dira, baita mistoan ere, eta nazio mailan 540ean tiratu dute. Domina 500eko proban eskuratu dute.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso ona, oso gustura ibili gara. Sokatiran segitzeko gogoekin itzuli naiz Irlandatik, gehiago ikasteko gogoz. Motibazio handiarekin ere, irabazitako medallak horretan laguntzen du eta.
Zein aurkarirekin egin duzue topo?
Mundu zabalekoak: Irlanda, Eskozia, Herbehereak, Suitza, Japon, Txina, Singapur, Hego Afrika…
Tiratzeko moduan ere desberdintasunak aurkitu zenituzten.
Bai, bai. Ikusten da batzuk erabat horretara jarriak daudela, ordu asko sartzen dituztela entrenatzen, beste batzuk teknika desberdina erabiltzen dute, guk soka gerrian sartzen dugun bezala, beste batzuk besolan ikaragarria egiten dute… Azkenean horien aurka tiratzen ohitu egin behar zara, baina tira moldatu ginen.
Taldearentzat zer suposatzen du honek?
Izugarrizko motibazioa, poza, azkenean urte osoko entrenamentuen emaitza edo fruitua izan da.
Zein alde dago Euskal Herriko txapelketen eta mundialaren artean?
Kopurua nabarmenduko nuke. Hemen ez gara talde asko eta han talde askoren kontra tira behar duzu, eta ez gaude ohituta hainbeste tirada egitera.
Duela urte batzuk ezinezkoa zen, baina aurten Euskal Herriak nazio bezala izan du bere tokia.
Bai, lanean ari dira eta nik uste hemendik urte batzuetara selekzio bezala tiratzeko modua izango dela.
Denboraldia bukatuta, orain atsedena?
Lur gaineko sokatira probatzeko asmotan gabiltza. Lanketa horrek goma gainerako balio du eta hobetzeko balioko duela pentsatzen dut.