Nafarroa estrategikoa da
Ikaragarria da Nafarroan gertatzen ari dena. Eta Yolanda Barcinak dimisioa eman edo hauteskundeak aurreratzea erabakitzen duenean, ikaragarria izan dela esango dugu.
Nafarroan, frankismoaren ondorengo aldi politikoan zazpi presidente izan dira, eta horietatik lau auzipetuak izan dira, ustelkeria kasuak tarteko. Azken aldian, Yolanda Barcina izan zen auzi bidean, Nafarroako Kutxako dieten aferagatik. Trikimailua zera zen: Nafarroako Kutxako 2010eko estatutuek (Miguel Sanz Nafarroako presidente zela) kontsultarako batzorde berria osatzea ahalbidetu zuten, Entitate Sortzaileen Batzordea deitu ziotena, lau kidek ezkutuko taldea osatu zuten, eta batzorde iraunkor gisa funtzionatzen zuen taldetxo horrek Nafarroako Kutxako diru kontuetan agertzen ez ziren dietak jaso zituen, fiskalitatearen galbahetik pasatu gabe. Miguel Sanzek, Yolanda Barcinak (Iruñeko alkate zen orduan) eta UPNko beste buruzagi batzuek 2.800 euro arteko dietak jaso zituzten; egunean bi eta hiru ere bai. Barcinak, guztira, 68.000 euro kobratu zuen dietetan. Iruñeko epaile batek inputatu egin zuen, baina Auzitegi Gorenak artxibatu egin zuen kasua, dietak, alkate gisa ez, Kutxako batzordeko kide gisa jaso zituela argudiatuta.
Orduan Kontuz herri ekimenak eraman zuen kasua auzitara. Eta oraingoan Idoia Nieves Foru Ogasuneko zuzendari-gerente ohia izan da erbia altxa duena. Zera salatu du Nievesek, Lourdes Goikoetxea Ekonomia eta Ogasun kontseilaria (gobernuan sartu aurretik enpresen aholkularitzan aritu zen) bere inguruko enpresei mesede egiten saiatu zela, eta Nafarroako Kutxako hainbat kontseilariren diru mugimenduei buruzko informazioa ere eskatu ziola. Goikoetxeak enpresa-aholkulari izaten segituko balu bezalaxe hartzen omen zituen bezeroak bere bulegoan. Gehiago: Nafarroako Gobernuak, 2012ko defizita tamainakoa izan zedin, autonomo eta enpresei BEZ zergaren itzulpena atzeratzeko agindua eman zuela salatu du Nivesek.
Dirua eta agintea. Binomio horren zurrunbiloan nahastuta ikusi dugu beti Burgosen jaio, Portugaleten 17 urte arte bizi eta Nafarroako Unibertsitatera erizaintza ikastera joandakoan iruñear egin zen presidentea. Dimisioa eta hauteskunde aurrerapena. Beste binomio horren zurrunbiloan hartu beharko du erabakia, legealdia amaitzeko hilabete batzuk baino falta ez direnean.
Yolanda Barcinak ondo daki, egoerarik itogarrienean ere, ura ez zaiola lepotik gorago iritsiko. Azkar esan du ez duela dimisiorik emango Mariano Rajoyrekin telefonoz izandako hartu-emanak animoa eman diolako. Barcinaren UPNk hemezortzi hilabete daramatza parlamentuan gutxiengoan (19 aulki 50etik). PPko lau parlamentarien babesa baino ez du jaso, eta hori ere ez beti. Alderdi abertzaleek aspaldi esan eta nahi zuten dimisioa orain egin du bere PSNk. Halere, dimisio eskaera epela egin du, eta ez dirudi zentsura mozioa aurkezteko Bildu bidaide izatea interesatzen zaionik.
Yolanda Barcinak ondo daki PSN Bildurekin nahastea duela biziraupenerako giltza. Nafarroako sektore espainiarrean eta Espainiako iritzi publikoan indar handia du abertzaleen kontrako edozein mezuk. Erraza, beraz, Barcinarentzat PSN tresna horrekin neutralizatzea. Azken eskandalu hau lehertu, eta Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak dimisioa eskatu zuenean, Nafarroako Parlamentuan, Bildurekin bat eginda zentsura mozioa aurkezteko eskatu zion Barcinak, harro, sozialisten buruari, PSNk abertzaleekin batera egin lezakeen edozein urrats kalterako izango duelakoan.
Nafarroan legealdi osoa izan da demokratikoki defizitarioa. Sortu ere, hala sortu zen Yolanda Barcinaren gobernua. PSNk Madrildik agindua jasota, UPNren gobernua ahalbidetu zuen, abertzaleen eskutik lor zezakeen aldaketari bizkar emanda. Hiru urteotan etengabeak izan dira eskandaluak, ustelkeriari lotutakoez gain, osasun zerbitzuan, hezkuntzan… Berdin dio! Nafarroa Espainiarentzat estrategikoa dela esan du berriki Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Lehen ere ezagunak ditugu Espainiako estilo demokratikoa eta etikoa. Segi dezatela bide horretan. Ohartu gabe, aldaketari atea zabaltzen ari dira. Espainia eta Navarraren aurrean, Nafarroa eutsi!