Mozorro bat, bi aurpegi

Inauteri inauteri, mozorro bat, bi aurpegi. Ostegun gizena ta… Badatoz inauteriak. Badatoz mozorroak eta festa giroa. Eta jaialdiak eta desfileak. Eta torradak. Eta jai egunak. Ai, zenbat oroitzapen goxo… Haurrak ginenean festa ederra izaten zen inauteriena. Pare bat hilabete lehenago hasten ginen prestaketa lanekin: mozorroa aukeratu, ikuskizuna diseinatu, entseguak egin, ekarri beharreko materiala zerrendatu… Irrikaz prestatzen genuen festa. Ez genuen arazo handirik edukitzen elkarren artean ados jartzeko. Zertaz mozorrotu? Askotan bost axola! Gozatzea zen kontua. Donostia Eguneko danborrada ailegatzen zenean urduri jartzen hasten ginen. Huraxe zen guretzako pregoia; angula usainak esaten zigun motorrak berotzen hasi behar genuela. Egun batzuk beranduago Kaldereroak ikusten genituen herriko kaleetan, baita Inudeak eta Artzainak ere. Urduritasuna kezka bilakatzen zen orduan: dena pronto al daukagu? Dantza ikasi al dugu? Ze eguraldi egingo ote du?Mozorroa bukatu al dut?… Eta, bai, guztia pronto edukitzen genuen normalean. Beno, edukitzen zuten. Izan ere, langabezian zegoen osabak, jostun trebea zen amonak edo denbora soberan edukitzen zuen bizilagunak prestatzen ziguten dena. Edo inor baino lanpetuago egoten ziren aitak edo amak egiten ziguten jantzia azkenean. Guk urduri geundela esan bai, baina patxada ederrarekin egoten ginen asteburu eder haren zain. Eta ederra izaten zen. Urte batzuk pasatu dira ordutik eta egoera franko aldatu da. Lehen bi hilabete lehenago hasten ginen prestaketa lanekin; orain bi egun lehenago, asko jota. Lehen etxean egiten genuen jantzia. Orain erosi egiten dugu, botoi bat josten hasteko ere gogorik ez baitugu edukitzen. Lehen torradak jaten genituen, akaso txokolate bero-bero batekin. Orain bokadilo ziztrina garagardo trago batekin. Hori bai, dantza egiten jarraitzen dugu! Istorioa asko aldatu da haurtzarotik gaztarora, baina oraindik gustatzen zaigu mozorrotzea. Originaltasuna galdu dugu, hala ere. Haurtzaroak ematen duen freskura haizeak eraman du. Edo garagardoak. Lehen sinpleak, koloretsuak eta originalak ziren mozorroak. Gaur egun tabernan sartu eta panorama antzekoa da urtero: pailazo pare bat, aurreko asteko zaku mozorroa kendu ez duen alperra, pirata batzuk, zertaz mozorrotu den ere ez dakien laguna, erdi biluzik ateratzen direnak (lagunok, otsaila da eta ez abuztua), mozorroa edozein delarik ere neskaz mozorrotzen diren mutilak eta, noski, mozorrotu gabe daudenak. Eta urtero kopla bera: datorren urtean lehenago hasiko gara mozorroa prestatzen. Kar kar kar. Inauteri inauteri, mozorro bat, bi aurpegi. Ostegun gizena ta… Badatoz inauteriak. Badatoz koadrilako eztabaidak eta azken momentuko erosketak. Eta presa. Eta garagardoa. Eta asteleheneko ajea. Ai, zenbat oroitzapen goxo…
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.