Pasaia Garbia bosgarren edukiontziaren alde
Atez atekoa baztertu eta birziklatzea bosgarren edukiontziaren erabilerarekin bultzatu. Horixe Pasaia Garbiaren nahia. Hala erantzun dio Pasaia Zero Zabor taldeari: “Gure plataforma beti egon da eta egongo da birziklatzeren alde. Udalak inposatu nahi digun bilketa sistemaren kontra gaude, atez atekoaren kontra”, gaineratu dute. Pasaia Garbiaren arabera gaiaren inguruan Pasaia Zero Zaborrek emandako erantzuna “asmo txarrekoa da eta manipulatua”. Pasaia Garbiaren arabera, bosgarren edukiontzia atez atekoa baino eraginkorragoa da, eta horregatik egiten dute bere aldeko apustua.
Bilduk eta Zero Zaborrek beren alde ez daudenak desprestigiatu nahi dituztela salatu du Pasaia Garbiak. Alderdi interesak baino ez dituztela defendatu dute, eta herritarrak kontrolatu nahi dituztela egotzi.
Era berean “zabora turismoa” atez ateko “sistemaren inposizioaren ondorio” dela esan du Pasaia Garbiak. Zentzu horretan, Zero Zabor taldeak Donibaneko birziklatze tasen gainean zabaldutako datuak gezurtatu ditu plataformak. “Lehengo sistemak ez zuen organikoa eta errefusa bereizteko aukerarik ematen, eta beraz, datuak ezin dira konparatu”, esan dute. Horrez gain, “zabor turismoaren ondorioz datuak ez direla errealak” adierazi dute.
Azkenik, atez atekoa ez dela sistemarik eraginkorrena ez eta merkeena berretsi dute. “Ikusi besterik ez dago sistema ezartzean udalari ekarri dion gastua”, salatu dute. Horrez gain, bilketa bera garestiagoa izango dela gaineratu dute.