272.000 euroko aurrekontua izango du aurten Arma Plaza Fundazioak. Txomin Sagarzazu Kultura zinegotzi eta fundazioko presidenteak gaur goizean azaldu duenez, "aurten, Arma Plaza Fundazioa kultur ondarea, arkitektura ondarea eta ondare immateriala lantzeko tresna hau sendotu nahiko genuke, herri mailan landuz eta gure mugetatik kanpo konplizitateak bilatuz".
Sagarzazu, goizean, Arma Plaza Interpretazio Zentroan
272.000 euroko aurrekontua izango du aurten Arma Plaza Fundazioak. Txomin Sagarzazu Kultura zinegotzi eta fundazioko presidenteak gaur goizean azaldu duenez, ondarea lantzeko tresna da fundazioa eta aurten erakundearen bilkaeran bere jarduera sendotu nahi dute: “2011n onartu zen Arma Plaza sortzea, 2012an hasiera markatu zen eta iaz azpiegituren aldetik hainbat erabaki hartu ziren eta hainbat proiektutan aritu ginen. Eta aurten, Arma Plaza Fundazioa kultur ondarea, arkitektura ondarea eta ondare immateriala lantzeko tresna hau sendotu nahiko genuke, herri mailan landuz eta gure mugetatik kanpo konplizitateak bilatuz”.
Sagarzazuk azaldu duenez, aurrekontuaren sarreren zati handiena udalak egiten duen ekarpena da, 235.000 eurokoa, eta “gero badira pixkanaka garatzen joango diren beste batzuk”, hala nola, salmentak eta bisitak (6.000 euro atal bakoitzak), eta beste diru-laguntzak (25.000 euro). “Pentsatu nahi dugu oreka batzuk agertuko direla, oraindik agertzen ez direnak”, gehitu zuen.
Eta gastuei dagokionez, bi atal daude, gastu arruntak eta proiektuak. Gastu arrunten artean zerbitzu profesional independienteek hartzen dute gastu gehien (94.300 euro), eta ondoren eraikuntzen mantenu eta kudeaketa, batez ere Arma Plaza Interpretazio Zentroarena, baina baita Polborinarena eta Ramery Etxearena ere; aurten pipien kontrako tratamendua emango dute azken honetan.
Alde Zaharrean, Gotorlekuan eta Portuan
Aurrekontuaren aurkezpenean fundazioko presidenteak azaldu badu 2014an Arma Fundazioak ondarea lantzeko tresna bezala sendotu nahi duela, hori aurten hiriko hiru auzoetan burutu nahi dituzten proiektuetan du isla. Batetik, Alde Zaharreko ondare kultura seinaleztatu eta parrokiko kanpaien berritzea osatu nahi du fundazioak.
Bestetik, Guadalupeko Gotorlekuko bisita gidatuekin jarraitu eta eraikinaren oroimen historikoa lantzeko egitasmo bat abiatuko dute.
Eta, azkenik, itsas ondareari buruzko hainbat ekimen burutuko dituzte, ia agortuta dagoen Constantino Virtoren
Arrantzaleak liburuaren berrargiratze txiki bat eginez eta Kai Zaharrean kokatuta dagoen Mariñel itsasontziaren mantenuarekin jarraituz. Portuan ere, San Pedro kaleko argaki zaharren erakusketa antolatzen ari da Arma Plaza Fundazioa.