74.500 dei jaso ditu Irungo 010 telefono zenbakiak 2013an
2013an 74.426 dei jaso zituen Irungo Udalaren 010 zerbitzu telefono zenbakiak, hau da, eguneko batez bestekoa 260 deikoa izan zen. 2012arekin alderatuta %1,77 hazi da deien kopurua. Udalak kudeaketa lanak egiteko prest du telefono zenbaki hori, eta herritarren artean onarpena duela esan du. Horren seinale da 33.683 dei zuzenean udaleko tramiteak egiteko edo kontsultak egiteko izan zirela. 28.461 dei udaleko beste zerbitzuetara bideratu ziren.
Dei gehien egin ziren tartea goizekoa izan zen, 10:00etatik 13:00etara (deien %47). Eta datu adierazgarria eman du udalak: dei bakoitza bederatzi segundo baino lehen erantzun da.
Pedro Alegre udaleko Gizarte Informazio eta Herritarren Parte Hartze ordezkaria pozik agertu da datuokin, eta esan du “oso lanabes erosoa” dela herritarrentzat.
010 zerbitzua urteko egun guztietan dago martxan, igandetan eta jaiegunetan izan ezik. Astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara dago norbait deien zain, eta larunbatetan 08:30etik 13:30era.