Pasaian kontsumo talde bat eratzeko bilera antolatu dute
Lezoko Agroaldean lursaila duten hainbat lagunek bilera bat antolatu dute Pasai Antxon, bertan kontsumo talde bat eratzeko asmoz. Bilera hilaren 24ean izango da, 19:00etan, kultur Etxean.
“Garaian garaiko eta kalitate goreneko nekazaritzako produktuak prezio duinean”, horiexek merkaturatu nahi dituztenak “salmenta zuzenaren bidez”. Kontsumitzaileak taldeka antolatzen dituzte, eta talde bakoitzean 20-30 famili unitate inguru batzen dituzte. Familia unitate bakoitzak kuota bat ordaintzen du hilero, eta trukean, astero-astero, baratzeko produktu ekologikoekin osatutako otarra jasotzen du.
Salmenta zuzenaren bidez, prezio lehiakorrak lortzen dituzte nekazariek, eta horrez gain, bere uzta aldez aurretik saldu eta hilero diru sarrera finko bat jasotzea ahalbidetzen dio. Trukean, bezeroek ahoratzen dituzten elikagaiak berme guztiak dituela jakiten du, “ekoizlea bera ezagutzeko aukera eta elikagaiak ekoizeko modua” ezagutzeko aukera izango baitu.
Merkaturatzen dituzten barazkiak Jaizkibelen dagoen Urrullo agroaldean landatzen dituzte. Bertan Donostiako eta Oarsoaldeko nekazari talde bat ari da lanean, Lezoko Udalak beren esku utzi duen hektarea bateko lursailean. Lursailean dagoeneko lanean ari dira eta barazkiak jada erein dituztenez, apirilerako Antxon barazkiak merkaturatzeko moduan izan daitezkeela aurreikusi dute.