Garitano Lezon izango da etzi Herritarrekin Herrira egitasmoaren barruan
Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak Lezo bisitatuko du etzi, foru aldundiko hainbat ordezkarirekin batera. Herritarrekin Herrira egitasmoaren barruan kokatuta dago bisita hori eta helburua berriz, lezoarrek dituzten kezkak eta proiektuak gertutik ezagutzea dela azaldu dute aldunditik. Harrera egingo diote Garitanori 12:00etan udalean eta bertan udal ordezkari eta teknikariekin bilera egingo du. Igerilekura joango dira ondoren eta bertan komunikabideen galderak erantzuteko tartea zabalduko dute.
Arratsalde partean berriz, Iturrin Industrialdera joango da Garitano. Bonantza elkarteko kideek Lezo eta Donibane lotzen dituen bidearen egoera txarraren berri emango diote Garitanori zuzenean 16:45ean. Udal baratzak eta Plazeta futbol zelaia ere bisitatuko ditu diputatu nagusiak eta 19:00etan berriz bilera irekia egingo du herritarrekin Gezala Auditoriumean. Lezoko Udalak zein foru aldundiak herritar guztiak deitu dituzte bilerara joan eta dituzten kezkak plazaratzera.