Bizitza ez da ‘Goenkale’ (‘sucesos’)
Batzuetan, lotsatzen nau kazetaritzak. Edo kazetariek. Edo ildo editorialek. Edo hirurek. Eta batik bat, sutzen naiz eraso matxista baten berri ematen dutenean albistea Sucesos atalean sailkatua ikusten dudanean. Gipuzkoako bi egunkariren arabera, behintzat, gizonezko batek emakume bat bortxatzen badu, hiltzen badu, jipoitzen badu, horixe da: suceso bat. Gertakari bat. Eta bi egunkari horietako bat omen da, gainera, Gipuzkoako egunkaririk salduena.
Suceso bat, gertakari bat. Oso noizbehinka pasatzen den bitxikeriak balira bezala. Suceso bat, bizitza Goenkale balitz bezala. Aktore batzuk Imanol starring Jokin, Idoia starring Miren. Grabazioa bukatu, makillajea kendu eta bizitzak arrosa, zoriontsu jarraituko balu bezala. Aktoreak etxera joango balira bezala hurrengo eguneko gidoia ikastera, eta Imanol starring Jokinek esango balu bezala, «jo, nazkatu naiz beti gaiztoarena egiten, beti emakumeak jipotzen, gutxiesten, mehatxatzen…; gainera, jendeak ez du errealitatea eta fikzioa bereizten eta kalean iraintzen naute; ogia erostera joatean beste bezeroek horren gaiztoa ez izateko esaten didate».
Baina zoritxarrez, sucesos horiek ez dira sucesos. Eta eraso dira. Eta giza eskubideen kontrako atentatuak dira. Eta eguneroko ogia dira. Eta larriak dira. Eta pandemia dira. Eta gizarteak duen arazo larri bat dira.
Suceso da bitxikeria. Oso noizbehinka gertatzen den zerbait. Galiziako taberna batean haserretu, etxera joan, urpekari trajea jantzi eta arpoiarekin tabernaria mehatxatzera agertu zen haren istorioa, adibidez (egia omen da!). Edo meteorito zatiak erortzea Siberian eta haiek salduz urrezko bihurtzea. Akaso itsas fokak agertzen direla Pasai Donibanen eta Lezon ere bai. Edo ia urtebez aireportuko jatetxe VIPean debalde jan zuen txinatarraren istorioa. Baina ia egunero gertatzen den zerbait, ez da suceso. Lakra da.
Kazetaritzak badu mundua izendatzeko eta pentsamendua sortzeko gaitasuna. Terrorismoa zer den definitu du kazetaritzak, eta terroristak zeintzuk diren zehaztu du. Izarrak zeintzuk. Futbola jainkotu du. Eta eraso matxistak gertakari gisa definitzen dituen kazetaritzak, eraso horiei duten garrantzia kentzen diote. Lasai, ez dago zertaz kezkatu. Tarteka, oso-oso tarteka gertatzen den zerbait da, esanez bezala. Eta 2013an, EAEn soilik, 3.000 salaketa baino gehiago izan ziren urtarriletik irailera. Eta egon ez zirenak, auskalo zenbat izan ziren. Zoritxarrez, bizitza ez delako Goenkale, makillajea kendu eta kito.