Hondarribiko Udaleko Kirol Departamentuaren aurrekontua 500.488 eurokoa da aurten, iazkoa baino %4,3 gehiago. Eliteko taldea desagertu den arren, 21.000 jasoko ditu aurten Txingudi Saskibaloia elkarteak, "harrobia lantzeko"
Ostiralean egin zen Hondarribiko Kirol departamentuko aurrekontuaren aurkezpena, Kultur Etxeko areto nagusian. Bertan Txomin Sagarzazu Kirol zinegotziak esan zuenez, “departamentuaren aurrekontuaren helburu nagusienak hauek dira: Hiriko kirol elkarteei beren ohiko jardueran laguntzea, heziketa-kirola, bereziki eskola-kirola, bultzatzea, kirol instalazioen eta ekipamenduen mailari eustea eta hiriko kirolariei aitortza publikoa egitea”. Azken horren harira, hilaren 28rako Olazabal Kirol Sarien lehen ekitaldiko gala antolatuko du udalak.
Hazkundearen arrazoia Txingudi Saskibaloiaren diru laguntza izenduna da. Klubak iaz ez zuen jaso, iazkoa, 2012an aurreratu zitzaiolako eta aurten berriro azaltzen da partida hori aurrekontuan. Eliteko taldea desagertu den arren, 21.000 euro jasoko ditu saskibaloi taldeak, “harrobiko lanarekin jarrai dezan”. Herriko beste elkarteekin alderatuta diru asko dirudi, kontuan izanda bi talde nagusiek (gazte eta kadete mailakoak) babesle pribatu batekin izendatzen direla, eta ez dutela Hondarribia izena erabiltzen. Haurren eta kimuen taldeek soilik erabiltzen dute Hondarribia-Irun izena.
Txingudi Saskibaloiaz gain Hondarribia Arraun Elkarteak [elkartearen jarduerarako eta herrian egiten diren estropadak antolatzeko— eta Sport Mundi erakunde solidarioak jasotzen dituzte diru laguntza izendunak, orotara 147.000 euro, kiroletako aurrekontuko transferentzien erdia.
Transferentzien beste erdia lau kapitulutan banatzen da: 30.000 euro udalak herriko ikastetxeekin dituen hitzarmenen bidez eskola kirola sustatzeko (30.000 euro), diru laguntza izenduna jasotzen ez duten gainontzeko kirol elkarteen ohiko jarduerak laguntzeko (90.000 euro), ekitaldi jakinen antolakuntzarako (13.000 euro), eta arraun elkarteak erabiltzen duen pabilioirako gimnasioko materiala erosteko (13.122 euro).
Belar artifiziala Puntalerako
Kirol departamentuko aurrekontuaren bi heren transferentzietara bideratzen bada, beste herena gastu arruntera joango da, 132.251 euro, instalakuntzen mantenua, garbiketa, argindarra eta aseguruak ordaintzeko eta kirol jarduerak antolatzeko. Udalak antolatzen dituen ekintzen artean, jaietako pilota partida eta udako zesta jaialdiak bereizten dira.
Udako zesta jaialdietako bat
Instalazioei dagokionez Puntaleko kirol guneko futbolerako erabiltzen den zatia belar artifiziala jarri nahi du udalak eta, HITZAri egindako galderari erantzunez, Hondartza futbol zelaian urarekin dauden arazoak konpontzen saiatzen ari direla jakinarazi zuen, nahiz eta erraza ez dela jakinarazi: “Garbiketa egin izan da eta egiten da noizean behin, baina nahiz eta estolderian garbiketak egin, ez da behar bezala husten. Aurreko astean aritu ziren garbitzen eta, gainera, badirudi bonbaren batek ez zuela behar bezala funtzionatzen. Kiroldegi inguruan dagoen korner baten inguruan dagoen hezetasuna kentzea benetan zaila izango da. Joan den urtean ere zati bat garbitu zen baina badirudi gehiago beharko duela”.