Garai bateko olinpiadetako batzorde antolatzaileko kide izan zen Ketxus Ponce. Egungo gazteak olinpiadak berriro antolatzen hasi zirenean elkarrizketa egin zion HITZAk.
Hondarribiko Gazte Asanbladak (HGA) herriko olinpiadak antolatu nahi ditu udazkenerako, garai batean gaztetxeak antolatu zituenen antzerakoak, eta larunbatean bilera irekia egingo du Zuloaga Etxean, ideiak jaso eta antolatzen hasteko. Egungo gazte askok ez zituzten olinpiadak ezagutu eta, horregatik, argazkiak eta bideoak jasotzen ari da HGA eta dokumentala grabatzen ari dira. Ketxus Ponce antolatzaile lanetan izan zen eta, bere ustez, gazteek nahi zutena eta nahi zuten bezala antolatzeko gaitasuna erakutsi zuten, eta horretan herri osoa inplikatzea lortu zuten.
Nola hasi zen guztia?
1987ko udazkenean hasi ginen. 1985. urtean Harresilandako gaztetxea okupatu zen eta, olinpiadekin hasi arte, kontzertuak, tailerrak, mus txapelketak eta beste ekintzaren bat antolatzen ziren gaztetxean. Baina egun batean Xinboren jauna [Alkain, gaztetxeko kideetako bat] etorri zen proposamen batekin. ‘Hernanin eta Andoainen olinpiadak egiten dituzte, zergatik ez ditugu hemen egiten?’, esan zuen eta ‘pues bale’ erantzun genuen. Horrela hasi zen.
Ponce, proba bat antolatzen
Zerbait txikia antolatu nahi zenuten hasieran, ez?
Oso informazio gutxi genuen. Hernani olinpiadetako arauen fotokopia batzuk ekarri genituen eta guk gureak sortu genituen. Hilabete eta erdiko ekintza bat antolatu genuen, ez zen txikia, baina gerora zertan bilakatuta ikusita bai, hasierako asmoa txikia zen. Baina orduan herrian zegoen dinamikarako gauza handia izan zen olinpiadetako lehen ekitaldia.
Asanblea batean deialdia egitea erabaki zen. Garai hartan ez zegoen sare sozialik eta horrelako ezer ere ez; sare soziala taberna zen, kalea, pankartak, eskuz idatzitako orri informatiboak… Horrela egin zen deialdia, eta ordurako kristoren sorpresa jaso genuen, hemezortzi talde apuntatu zirelako, bakoitzak hamarretik hogeita bostera kideekin, orduan koadrilak handiagoak zirelako. Gutxi gorabehera 300 partaide bildu ziren lehen ekitaldian.
Olinpiadak ziren eta, hortaz, lehia bazen, baina ez kirolarena soilik…
Kirola garrantzitsuena zen, dudarik gabe, jendeari gustatzen zaiolako, baina guk ez genituen olinpiadak kirolari enfokatzen, beste proba asko zeuden: musa, xakea, bertso txapelketa eta jokoren bat zeuden lehen urtean, kirolaz aparte. Lehen urtea abiapuntua izan zen eta gerorako filosofia asko markatu zuen. Hasierako asmoan kutsu konpetitiboa zuen olinpiadak, baina anekdota polit bat egon zen azken egunean, sariak banatu zirenean. Jende askok trofeoa itsasora bota zuen, eta gertaera horrek kutsu konpetitiboa kendu zion. Baziren lehiatzen zirenak, baina jendeak benetan nahi zuena parte hartzea zen.
Ezustean harrapatu zintuzten horrek guztiak?
Esaten zen Hondarribia hilda zegoela, ez zegoela inor, ez zela ezer egiten, jendeak ez zuela parte hartzen. Eta olinpiadek egin zutena izan zen zirrikitu bat, leiho bat ireki jendearen, gazteen parte hartzerako. Hori ezustekoa izan zen guretzat, parte hartzera gaztetxetik at zegoen jende pila bat hurbildu zelako. Pentsa, topea izan zen 46 talde eta 650 pertsona. Gehienak gazteak ziren baina adin guztietako jendea zegoen, adina jarri genuelako 15 urtetik 99 urtera, zerbait jartzearren. Berrogeitik gorako jende asko zegoen, eta gurasoak seme alabekin ere parte hartzen zuten, itzela izan zen.
Antolatzen, parte hartzen, laguntzen eta ikusten herri osoa biltzea lortu zenuten.
Bai, herri osoa. Helburua gazteriak nahi zituen ekitaldiak antolatzeko gaitasuna erakustea zen. Lehen urtean modu asanblearioan antolatu zen baina zera gertatu zen, jende askok proposamenak egiten zituela eta lana gutxi batzuek egiten genuela. Horregatik, erabaki genuen batzorde itxi bat sortzea, ardurak hartzeko, baina parte hartu nahi zuen koadrilak antolakuntzan lagundu behar zuen. Hau da, guk koordinatzen genituen frogak, materiala, eszenatokiak, baliabideak… eta taldeetako ordezkariekin egiten bileran lanak banatzen genituen. Talde batek baloiak hartu, beste bat txifloez arduratu, beste batek epaile lanak egin, beste batek emaitzak jaso… Modu horretan antolatzen zen.
Euskal Herrian auzolana kultura bezala oso hedatuta egon da, orain dela gutxi arte. Lehen bizilagunek konpontzen zuten bidea eta orain nahi dugu erakundeek egitea dena. Gazteak, eta helduak, zain geratzen bagara erakundeek gure aisiaren erantzule izateko, erabat oker gabiltza. Gu gara gure bizitzaren jabe, gure denboraren eta nahi dugunaren jabe, beraz, gure esku dago proba egitea, mugitzea eta baliabide gutxirekin istorio pila bat egitea, espektakuluaren edo ekitaldi handiaren kultura alboratuz eta eredu parte hartzaile eta askoz ere herrikoiaren alde eginez.
Zeintzuk dituzu olinpiadetako oroitzapen politenak?
Asko. Inaugurazioko parodia eta azken jaiak oso potenteak izaten ziren. Pentsa, ia 700 pertsona elkartzen ginen azken eguneko bazkarian eta dena guk antolatzen genuen. Eta parodiaren egunean, inauterietako ostiralean, 2.500 pertsona elkartzen ziren ikusteko; ia lau orduko ekitaldia zen eta 2.000 aulki betetzen ziren eta jende asko zutik ikusten. Antolakuntzan izan genituen harremanak ere oso politak izan ziren, grabatu genuen abestia ere oso une potentea izan zen, ezagutu genuen jendea, Andoaingo olinpiadetako antolatzaileekin egin genituen harreman estuak…
Eta herriari suposatu ziona, herria oso batuta zegoen, bakoitzaren norabidearen eta ikuspegiaren gainetik harremana zegoen jendearekin, neska mutilek inongo konplexurik gabe eta berdintasunean parte hartzen… Oroitzapen asko dira.
Bertsolariekin sortutako harremana ere oso polita izan zen. Hondarribian hutsetik bapateko bertsolari asko sortzea ederra izan zen, barruan dugun bertsolari hori atera izan zen. Froga artistikoetan jendeak bere kreatibitatea azaltzen zuen eta kristorena zen hori. Hain zen zabala.
Zein da, zeure ustez, olinpiadek herriari egin zioten ekarpen garrantzitsuena?
Garrantzitsua da gazteen eta koadrilen arteko topaketa. Urte horietan herriko koadrilak ezagutu zuten elkar, harremanetan hasi ziren. Egun, hainbeste urte eta gero, batzuk olinpiadetako bazkaria egiten jarraitzen duten, olinpiadetan sortutako harremana jarraituz. Berriro antolatu nahi dituzte eta egungo gazteak animatuko nituzke laguntzera, ikas dezaten euren ardurak hartzen, nahi dutena antolatzen, inongo tutoretzarik gabe zer nahi duten erabaki dezaten, euren jabe izatea. Eta gainera modu parte hartzaile batean egingo lukete, kalea okupatuz eta ez lokal itxietan gordez. Eta gainera, herriak neguan duen gabezia, itxura hilari bizitza emateko. Eta ligatzeko aukera izango dute. Olinpiadetan parte hartu duten guztiek izango dute bere momentua, bere istorio txikia.
Gaztetxetik abiatutako ekimena zen, baina herri osoa inplikatzea lortu zenuten eta pila bat izaten ziren laguntzen aritze zirenak. Nola lortu zen hori?
Udalean hainbat departamenturekin oso harreman ona genuen, udaltzaingoarekin, brigadarekin, gazteria eta kulturarekin, DYA inplikatzen zen topera proba guztietan, herriko kirol taldeak, arraun elkartea, saskibaloia… Kofradia, gastronomia eta kultur elkarteak, eta norbanako askok ere laguntzen zuten, kultura mailetakoak, musikakoak, epaimahai lanak egiten, tabernek ere asko laguntzen zuten… Hor sortzen zen giroak nahitaez erakartzen zuen jendea, herriari kristoren bizitza ematen zion eta jendea erabat murgiltzen zen horrekin, ezin ziguten ezeri ezetz esan, laguntzen zigutenek egiten zuten beraiek ere nahi zituztelako olinpiadak. Ez genuen eskatu beharrik, nahi zutelako ematen ziguten.
Eta nola galdu zen hori guztia?
Batzordekook sei olinpiada antolatu genituen baina adinean gora gindoazen eta hurrengo belaunaldiari planteatu genion erronka, herriko hainbat gazteei esan genien horraino iritsi ginela eta erreleboa nahi genuela. Olinpiadak nahi bazituzten euren esku geratzen zela, guk tope egin genuela. Bi edo hiru urte gehiagoz egin ziren, baina pixkanaka-pixkanaka behera egin zuten, lan asko zen eta jendea nekatu zen.
Gazte Asanbladak herriko olinpiadak berriro antolatzeko asmoa agertu du baina egungo gazteria asko aldatu da. Lortuko dutela uste duzu?
Ez dakit gaur egun nola mugitzen diren gazteak, baina egingo dute. Ez dute gure eredua jarraitu beharrik, eta ez dituzte begiak gauza handitan jarri beharrik. Beren eredua sortu dezakete eta aurrera egin, eta ziur lortuko dutela.
Zer sentitu zenuen gazte asanbladaren asmoa ezagutu zenuenean?
Egun gazteak lokaletan biltzen dira, indibidualismora jotzen dute. Ez naiz hori epaitzen ari, baina hala da, ez dira beste koadrilekin harremanetan jartzen, euren artean soilik. Oso azkar goaz indibidualizaziorantz, asko sakondu da hori. Baina gizarte guztietan zirrarak dituen jendea dago eta pozgarria da Hondarribian gazte batzuk egotea beste eredu baten alde, eta nire partetik behar duten laguntza guztia emango nieke, baina ez laguntza tutoretza moduan, baizik eta guk kontatu zer egiten genuen eta elkarri entzun, eta beraiek izatea euren olinpiada antolatzen dutenak, nahi duten ereduari jarraituz.