Puerto I (Cadiz, Espainia) espetxeko ziegan atzo hilik aurkitu zuten Arkaitz Bellon euskal presoaren heriotza salatzeko mobilizazioak deitu dituzte gaur arratsalderako Oarso Bidasoko herrietan. 36 urteko Elorrioko presoa, atzo arratsaldean aurkitu zuten hilik bere ohean espetxezainek. Informazio agentziek Espainiako Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzako iturriak aipatuta kaleratu dutenez, bazkalondoko atsedenaldiaren ondoren ohiko zenbaketa egitera joan zirenean Bellon ohean etzanda zegoela ikusi zuten espetxezainek. Harritu egin zituen horrek. Gerturatu, eta zerraldo zegoela egiaztatu zuten. Iturri horien arabera, gorpuak ez du indarkeria arrastorik. Hortaz, berez hil den ustea zabaldu du Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzak. Bihotzekoak jota hil izanaren aukera zabaldu dute hainbat iturrik.
Elorrioko euskal presoaren kideek ingurukoei jakinarazi dietenaren arabera, goiza eta bazkal orduan izan ziren Bellonekin eta ongi zegoela nabarmendu dute. Bazkaldu ondoren ziegetara eraman zituzten berriro eta arratsaldeko 17:30etan aurkitu zuten hilik espetxezainek.
13 urteko espetxe zigorra betetzen ari zen bizkaitarra kale eraso batean parte hartzea egotzita, eta datorren maiatzean zen aske ateratzekoa. Kartzelaldi gogorra izan zuen halaber Bellonek. Horren adierazgarri da espetxezainek hirutan jipoitu dutela: bereziki gogor iazko martxoan, Sevillako espetxean, eta aurrez, 2010ean Puerto III kartzelan eta 2008an Algeciraskoan.
Egun, etxetik mila kilometro baino gehiagora zuten preso, eta beti izan dute bereziki urruti. Horrek ondorioake karri dizkio bai berari, bai familiari. Presoaren gurasoek eta izeba-osabek auto istripua izan zuten 2007an Herrera de la Manchara zihoazenean.
Hiru dira Bellonekin 2013an espetxean hil diren presoak. Angel Figeroa iazko martxoaren 14an hil zen, zigorra etxean betetzen ari zela, eta Xabier Lopez Peña martxoaren 30ean, Fleury kartzelan ondoezik jarri ondoren.
Eragileek
agerraldia egin dute heriotza salatu eta mobilizazioak deitzeko eta zuzenean ematen ari da BERRIA.
Mobilizazioak herriz herri
- Irun: Gaur San Juan Plazan sakabanaketaren kontrako elkarretaratzea 20:00etan.
- Oiartzun: Gaur plazan asanblada 20:00etan eta ondoren manifestazioa.
- Antxo: Gaur Zumardian elkarretaratzea 19:30ean.
- Errenteria-Orereta: Gaur 19:30ean elkarretaratzea Herriko Plazan.
- Hendaia: Bihar elkarretaratzea Pausuko Biribilean 19:00etan.
- Bihar eguerdiko 12:00etan Donostiako udaletxe aurrean herrialde mailako elkarretaratzea deitu dute.