Seijo, betaurrekoekin, taldekideekin Sevillan
Santiagotarrak Arraun Elkartearekin lehiatzen den Nerea Seijo hondarribiarrak hirugarren postua lortu zuen asteburuan Sevillan (Andaluzia, Espainia) egin zen Espainiako Remoergometro Txapelketan, 23 urtez azpiko mailan. Arraun Federazioak antolatutako denboraldiko lehen proba izan zen eta, ergometrokoaz gain, skiffeko 6.000 metroko probak egin zituzten. Seijorekin batera Garazi Lasarte, Beñat Rekarte, Ander Legazkue eta Borja Portos taldekideak izan ziren Sevillan.
Seijo eta Lasarte oreretarra —Oiartzunen bizi da baina jaiotzez Errenteriakoa da— proba berean lehiatu ziren eta bien artean egon zen brontzezko dominagatik borroka. Azken txanpan aurreratu zen hondarribiarra eta hirugarren postua bereganatu zuen, Lasarte bi segundora geratu zelarik. Esportiu Olimpic Barcelona taldeko Anna Boadak irabazi zuen proba (7:06); Labradores taldeko Macarena Llano andaluziarra bigarren geratu zen (7:13) eta haren atzetik bi gipuzkoarrak, Seijo (7:25) eta Lasarte (7:27). Bosgarren Clara Palacio sailkatu zen (7:32), Nautico Sevillako kidea.
Oarso Bidasoko bi ordezkariek marka hobetu zuten, baina, Seijok gehiago egin zezakeela onartu dio HITZAri. “Hirugarren geratu arren, denbora hobeagoa egitea espero nuen. Entrenatua nago hobeto egiteko baina, kirola egiten urte asko daramadan arren, oraindik ez dut urduritasuna kontrolatzen, asko ikasi behar dut oraindik. Baina pozik nago eta poliki-poliki nire markak hobetzen ari naiz”.
23z azpiko mailan aritzen da Seijo, baina helburu bakarra egunero hobetzen joatea duela adierazi du: “Ez dut goi mailan ibiltzeko entrenatzen, eta oso urruti nago. Entrenatzen dut klubeko mailan aritzeko eta helburua nire markak hobetzen joatea eta, batez ere, gustura egotea da”. Horretarako, gustura egoteko, Santiagotarrakeko giroa nabarmendu du Seijok: “Entrenadore bikaina dugu eta oso lan ona egiten ari da gurekin. Gora goaz, giro ona daukagulako eta gogo handiak jartzen ditugulako”.
Irungo klubeko bi neskek ergometroko proba prestatu zuten baina, han zirenez, skiffean aritzeko izena eman zuten. “Proba hori ez genuen ezer prestatu baina espero baino hobeto atera zitzaigun. Selekzioko jendearen aurka aritu ginen eta haien azpitik geratu ginen, baina gainontzekoei irabazi genien”.