Irungo Udalak gaur eman ditu hiri barruko autobus lineen 2013ko zenbakiak. 2012an lineen aldeketak egin zirenetik, horiek abian izan diren lehen urte osoa izan da joandakoa. Hala, 2012arekin alderatuz, %0,9 hazi da erabiltzaileen kopurua (1.471.202 bidaiari), eta gainera, 2011 urtearekin alderatuz, zerbitzuaren kostuaren eta jasotzen den diru kopuruaren aldea 337.638 euroan jaitsi da.
Udalak nabarmendu du, INEren datuetan oinarrituta, Espainiako Estatuko hiri gehienetan behera egin duela garraio publikoaren erabilerak, “ez ordea Irunen”, Cristina Laborda Mugikortasun zinegotziaren arabera: “Datuok azaldu digute 2012an abian jarritako lineen aldaketa onuragarria izan dela. Bidaiarien kopurua handitu da, horiek egindako autobus-aldaketak ere hazi dira, eta gainera Mugi txartelaren barruan gaude”. Horrela, autobus-aldaketa edo transbordoei dagokienez, iazko martxoan hileko 1.500 aldaketa izaten ziren, eta handik aurrera 5.000 hilabeteko. Mugi txartela martxoan jarri zuten martxan.
Honakoak dira lineaz linea 2013an jasotako datuak:
- L1 linea, Zaisa-Ospitala: 1.101.293 bidaiari izan ditu, 2012an baino %1,97 gutxiago.
- L2 linea, Erdialdea-Katea: 292.555 erabiltzaile izan ditu, 2012an baino %11,39 gehiago.
- L3 linea, Artia-Erdialdea-Olaberria: 74.384 erabiltzaile izan ditu, 2012an baino %13,71 gehiago.
Taxi busa eta landa eremuko garraioa
Datuen zerrendan, taxi bus eta landa eremuko garraiobidearen berri ere eman du Labordak. Hala, iaz taxibusaren lineek honako erabilera izan zuten:
- Meaka-Erdialdea linea: 1.069 bidaiari jaso zituen, 2012an baino %70,49 gehiago.
- Katea-Ospitaleak linea: 126 erabiltzaile izan zituen, 2012an baino %6,6 gutxiago.
Bestalde, landa eremuko eskaera bidezko garraioak (iazko azaroan jarri zuten martxan) 466 erabiltzaile izan zituen.