Farolara joateko bidea barruragotik joatea nahi du udalak
Higerreko farolara joateko errepide berria egingo dute, barruragotik. Hala adierazi du gaur Aitor Kerejeta alkateak, asteburuko denboraleak egungo errepidean eragindako kalteak aztertzeko Martin Garitano Ahaldun Nagusiarekin egindako bisitaren ondoren. Eroritako zatia oso handia izan da eta litekeena da errepidea 2014an berriro ez irekitzea.
Higerreko farolara joateko errepide berria egingo dute, barruragotik. Hala adierazi du gaur Aitor Kerejeta alkateak, Martin Garitano Ahaldun Nagusiarekin asteburuko denboraleak egungo errepidean eragindako kalteak aztertzeko egindako bisitaren ondoren. “Argi dago itsas-labarra bizirik dagoela eta pixkanaka-pixkanaka erortzen joango dela”, adierazi du alkateak eta, horregatik, farolara joateko irtenbidea errepidearen diseinu berria izan behar dela esan du, “denean agian ez, baina zati batzuetan barruragotik” joango dena. Eroritako zatia oso handia izan da eta litekeena da errepidea 2014an berriro ez irekitzea.
Gaia aztertzeko erakundeen arteko bilera egingo dutela aurreratu du Garitanok, udalaren, aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean. Bakoitzaren ardurak zeintzuk diren zehaztu eta beharrezkoa izango diren neurriak adostuko dituzte bertan. Batetik, zuloa estali eta segurtasuna bermatu behar da; pitzadura gehiago agertu dira errepideko beste zati batzuetan eta horiek ere aztertu behar dituzte. Bestetik, Ramon Iribarren pasealekuko etxebizitzen babes neurriak aztertuko dituzte, eta nahikoak ez balira, horiek nola hobetu zehaztu.
Eta, azkenik, errepide berria egin behar izanez gero, noiz, nola eta nondik egin daitekeen aztertu beharko dute, eta lanak zeinek ordainduko dituen. Horretarako beharrezkoak diren azterketak abiatuko dituzte lehenbailehen. Bitartean, hondatutako zatiak konpondu beharko dituzte, errepide berria ezingo baita epe motzean eraiki. “Egungo errepidea mantenduko da, baina ez motordun ibilgailuentzat”, gaineratu du alkateak.