Euskal memoriari buruzko zikloa antolatu du Bixi-Bixik
Pasai Donibaneko Bixi-Bixi elkarteak euskal memoriari buruzko hitzaldi zikloa antolatu du datozen hilabeteetarako. Hilaren 13rako antolatu dute lehen hitzaldia. Amaia Esnalek Oso lantza izan da ikus-entzunezkoa aurkeztuko du, torturari buruzkoa. 19:30ean hasiko da emanaldia, Victor Hugo etxean.
Martxorako hitzaldia eta kontzertua antolatu dituzte. Martxoaren 13an Iñaki Egaña historialariak frankismoa hartuko du hizpide, Frankismoa Euskal Herrian izenburuko hitzaldian. 19:30ean izango da, Victor Hugo etxean. Hurrengo egunean, martxoaren 14ean, Joseba Tapiaren kontzertua izango da. Luis Rezolak Duesoko presondegian 1937an idatzitako poemak bildu ditu Tapiak Tximela diskoan, trikitilariaren seigarrena, eta horiek aurkeztuko ditu Donibanen. Gosea, herrimina, fusilamendua… guztiak ageri dira letratan. Kontzertua 20:00etan izango da, Victor Hugo etxean.
Apirilerako beste bi ekintza iragarri dituzte. Euskararen kate hautsiak liburua aurkeztuko du Dabid Anautek apirilaren 18an, 19:30ean, Victor Hugo etxean. Apirilaren 11n, antzerkiaren txanda izango da. Koka Kola eta Barea antzezlana aurkeztuko dute Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak. 20:00etan izango da.
Maiatzean, azkenik, Gernikako seme-alabak dokumentala emango dute. Joxean Agirreren gidaritzapean, azken 50 urteetako errepresioaren ondorioei buruz dihardu dokumentalak.19:30ean emango dute, Victor Hugo etxean.