Igeldo, Irun, Lezo, Hondarribia…
Lurraldea gobernatzeko eta administratiboki antolatzeko modu desberdinak daude.
Bidasoaren ezker isurialdean kokatutako herriak barne biltzen dituen egungo egituraketa administratiboari so eginez gero, estrukturazio instituzionala hiru mailatan ematen dela ikus daiteke, hiru lurralde botere publiko bereiziz: autonomikoa, forala eta munizipala.
Garaikoetxea eta Arzallus alderdi berekoak ziren garaietan eztabaida handia izan zen Lurralde Historikoen, hau da, probintzien izate instituzionalaren inguruan, eta alderdiaren zatiketa eragin zuen gaietako bat izan zen. Garaikoetxeatarrek bi erpineko lurralde antolaketa defendatzen zuten, eskuduntzak maila autonomikoan eta munizipalean kontzentratuz.
Aldiz, egungo errealitatea bestelakoa da eta esan daiteke Lurralde Historikoek, probintzietako foru aldundiek, udalerriengan eragina duten eskuduntzak dituztela ere eta ondorioz, nolabait adieraztearren, autonomia munizipala mugatua dela. Gainera, badira ere lege sektorialak (errepidetakoak, itsasokoak, urak…) udal eskuduntzengan zuzenean eragin eta baldintzatzen dituztenak.
Hori guztiari nahikotasun ekonomiko eza gehitzen badiogu, inoiz baino beharrezkoa bihurtzen da formalki eta materialki udalerriak benetan autonomoak egingo dituen Udal Legea lehenbailehen onartzea. Udalerria erantzukizun osozko eremua izan dadin, eta udalerrien finantzazioa nahikoa eta errealitateko beharrei egokitutakoa izan dadin. Udalerrien autonomia, nahikotasun ekonomikoa, auto-antolaketa, gertutasuna, elkartasuna, iraunkortasuna, zerbitzuak berdintasunean eskuratzea eta autonomia normatiboa bezalako printzipioak errealitate izan daitezen.
Baina bideragarriak al dira, termino ekonomikoetan hitz eginda, udalerri guztiak? Europako Kontseiluak agindutako ikerketak dioenez, udalerri bat ekonomikoki bideragarria izan dadin gutxi gora-behera 8.000 biztanleko tamaina izan behar du, eta Euskal Autonomi Erkidegoko 251 udalerrietatik 188 udalerrik 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte, eta horietatik 99 udalerrik 1.000 biztanle baino gutxiago.
1812ko Cadizeko Konstituzioa izan zen 1.000 biztanletik gorako guneetan udaletxeak sortzea agindu zuena. Baina 200 urte geroago eta egungo testuinguru politiko, ekonomiko eta instituzionalean zentzurik al du hau horrela izaten jarraitzeak?
Europan bi erantzun desberdin eman dira atomizazio munizipalari erantzun asmoz: batetik, bide legaletik herriak ezabatzearena, eta bestetik, borondatezko bategiteena. Lehenengo adibidea Europako iparraldeko herrialdeetan jarraitutako bidea izan da, eta borondatezkoa, berriz, hegoaldekoetan. Logikoki, borondatezko bategiteak oso kasu gutxitan eman dira, eta ondorioz, nahitaezko bategiteak ezartzea aztertzen ari dira herrialde horietan; baita Espainian ere. Danimarkan 19.388tik 277 izatera pasatu ziren; Herbehereetan 1.012tik 862ra; Belgikan 1.259tik 589ra; Alemanian 19.868tik 8.000ra. Denak, gutxienez, 5.000/6.000 biztanletik gorako udalerriak izatera pasatuz.
Berriki, UPyD alderdiak, Gipuzkoari dagokionez eta 20.000 biztanleko gutxieneko muga ezarriz, Gipuzkoako 89 udalerriak 18 izatea proposatu du. Paradoxikoki, Hondarribia adibidez, 1766 urte arte bere menekoa izan zen Irunen menpe geratuz. Eta bere menekoak ere izan ziren Errenteria (XIV. mendera arte), Oiartzun (XIV. mendera arte) eta Pasaia (1771 urtera arte) Lezoren (1833 urterarte) pean geratuz.
Ezkongai asko eta denek ezkontzeko gogo gutxi, baina gainontzean etorkizuna iluna askorentzako.