Kirol taldeek eta kazetariek aukeratutakoen artean bozka egiteko aukera izango dute herritarrek. Dagoeneko bozketa egin daiteke, udal webgunean. Herritar bakoitzak behin egin dezake, modalitate bakoitzean boto bana emanez.
Kirol taldeek eta kazetariek aukeratutakoen artean bozka egiteko aukera izango dute herritarrek. Dagoeneko bozketa egin daiteke,
udal webgunean. Herritar bakoitzak behin egin dezake, modalitate bakoitzean boto bana emanez.
Herriko gizon nahiz emakume kirolari onena, nabarmendu den kirol taldea edo elkartea, eta kirolarekin zerikusia duen pertsona saritzeko Olazabal Kirol Sariak antolatu ditu lehen aldiz Hondarribiko Udaleko Kirol Departamentuak. Bi urtez behingo sariak izango dira eta, hortaz, 2012 eta 2013 urteetan nabarmendu diren herriko kirolariak sarituko dituzte lehen ekitaldian.
Otsailaren 28an egingo den jaialdian banatuko dituzte sariak, eta kirolariak aukeratzeko parte hartzea eskatu du Udalak. Batetik, herriko kirolarien jarraipena egiten duten komunikabideei —Oarso Bidasoko Hitza haien artean— eta kirol taldeei eskatu zaie hautagaiak proposatzeko. Eta, bestetik, herritarrei emango zaie hautagaien artean bozkatzeko aukera;
udal webgunean egin dezakete. Epaimahaia ere izango da, baina soilik kategoriaren batean berdinketa balego izango luke erabakitzeko aukera; horretarako eta herritarren epaia berresteko.
Txema Olazabalen izenarekin bataiatu dituzte sariak. Meriturik ez zaio falta golf jokalari hondarribiarrari baina, gainera, Olazabalek orain gutxi kirol ibilbide bikaina biribildu duela nabarmendu du Txomin Sagarzazu Hondarribiko Kirol zinegotziak: “Europako taldearen kapitain modura Ryder Cup-a irabazi du; hori dela-eta sarion izena”.
Oinarrietan azaltzen denez, “saria jasotzeko hautagai izan ahalko dira euren ibilbidea edo eguneroko zereginean sariaren helburu berbera duten emakume eta gizon kirolariak, kirolari taldeak, eta kirolarekin zerikusi zuzena duten pertsonak”, baina Sagarzazuren arabera, ez dira emaitzak soilik saritu nahiko luketena: “Kirol emaitza da erreferentzia nagusia baina balioak, kirolari berari eta elkarteen bilakaerari egindako ekarpena ere kontuan hartzea egokia litzateke. Kirol emaitza aipagarriak, hala nola, estatu mailako txapelketetan domina edota Europako eta munduko txapelketetan parte hartzea, izan dituztenei ere aitortza egin nahi genieke”.
Bi urtean behin
Otsailaren 28an banatuko dituzte sariak. Bigarren ekitaldia, aldiz, 2016an egingo dute, sariok bi urtero ematea erabaki baitu Kirol departamentuak: “Bi urteko epea egokia delakoan gaude gure kirolari kopurua eta herriaren neurria kontuan hartuz gero. Horrek aukera emango du hainbat kirolari eta kirolaren lagun aintzat hartzeko, eta merezimenduen bilduma egiteko ere aproposa delakoan gaude”.
Lehen aldia izanik, prozesu guztia tentuz aztertuko dute, bigarren ekitaldirako zerbait hobetu badaiteke, beharrezko aldaketak egiteko. “Aurtengo ekitaldi hau bukatutakoan bestelako iradokizun edo proposamenik jasotzen badugu, prest egongo gara aztertu eta hobekuntzak egiteko”, gehitu du Kirol zinegotziak.
Hautagaiak
Emakume kirolaria
- Claudia Behobide, atletismoa.
- Itsaso Gonzalez, hipika.
- Lidia Yarza, judo.
- Mirene Etxeberria, arku tiraketa.
- Olatz Arrieta, atletismoa.
Gizon kirolaria
- Ander Vilariño, automobilismoa.
- Borja Ponte, bela.
- Ander Perez, arrantza.
- Eneko Badiola, eskubaloia.
- Ion Areitio, bike trial.
- Iker Otegi, judo/sambo borroka.
- Iokin Sagarzazu, judo.
- Xabier Soto, atletismoa.
- Ioseba Amunarriz, arrauna.
- Xabier Gonzalez Prieto, hipika.
Kirol elkartea
- Azeri Arku Tiraketa.
- Ama Guadalupekoa Judo Taldea.
- Hondarribia Arraun Elkartea.
- Hondarribia Futbol Elkartea.
- Hondarribia Pilota Eskola.
Kirolarekin harremana duen pertsona
- Javier Intxausti, Sport Mundiko zuzendaria.
- Joseba Llorente, futbolari ohia.
- Joseba Sarriegi, kirolaren alde lan egindakoa.
- Miguel Angel Izquierdo, eskubaloi entrenatzailea.
- Leontxo Garcia, xake maisua eta kazetaria.
- Mikel Jauregi, futbol hezitzaile eta entrenatzailea.
- Peio Arruabarrena, hezitzailea.