Trintxerpeko sutean kaltetuek etxe berrietako giltzak jaso dituzte
Gaur eguerdian eman dizkiete Morlanseko etxebizitzetako giltzak Trintxerpeko Urte Zaharreko sutean etxea galdu zuten 26 familiei. Datozen sei hilabeteetan han hartuko dute ostatu, doan, eta ondoren, han bertan jarraitu ahal izango dute, errenta ordainduta. Luzuriagako etxeetara ekartzeko aukera ere aztertuko dute, behin Antxoko etxebizitzak amaituta, eta beharra kasuan kasu aztertuta.
Honenbestez, eta giltzak eskuan, laster izango dira Lintzirin hotela utzi eta etxe berrietara lekualdatzeko moduan. Argindarraren kontratuak baino ez da falta kasu gehienetan, azken egunetan altzariak jartzen aritu direlako bizilagunak, Errenteriako eta Pasaiako udal langileen laguntzaz.
Bien bitartean, Udalak kaltetutako etxeak estali eta zurkaizteari ekingo diola iragarri du, behin betiko zer egin erabaki bitartean erreetako orubeak gehiago ondatu ez daitezen.
Aldundiaren ekimenak
Kaltetuen egunerokoa pixkanaka normaltasunera itzultzen den bitartean, laguntzeko ekimenek ez dute etenik, ez erakundeetan ez eta eskualdean ere. Aldundiak Udalaren eskariak bere egin eta kaltetuen etxeetako zergak bertan behera uztea adostu zuen atzo, nahiz eta erabakia oraindik Batzar Orokorretan berretsi beharko den. Horrez gain, Aldundiak Udalak Finantzatzeko Funtsa Komunetik diru partida bat aurreratuko dio Pasaiari, sutearekin zerikusia duten hainbat lanei erantzun ahal izateko. Larraitz Ugartek gogorarazi duenez, Aldundiak 150.00 euro inbertitu ditu orain arte kaltetuak laguntzeko ekimenetan.
Kontzertuarentzako egitaraua fintzen
Kaltetuak laguntzeko plataforman, bien bitartean, buru belarri jarraitzen dute elkartasun ekimenak antolatzen. Azken egunetan garbiketarako produktuak biltzeari ekin diote, familia guztiei lote bana eman asmoz. Horrez gain, otsailaren 21ean eta 22an egingo den kontzertura begira edariak biltzeko deia zabaldu dute, horien salmentarekin diru gehiago biltzeko asmoz. Kontzertuan joko duten taldeen zerrenda ere argitzen doa pixkanaka. Besteak beste, Hyedra, Ultrajando al Aitona, The Animal Within edo Se nos kae el txiringo taldeek joko dutela iragarri dute. Sarrerak non eta noiz erosi laster jakinaraziko dutela iragarri dute plataformako kideek, eta txartelak 10 eurotan salduko dituztela jakinarazi.